}

Lau elementu berri taula periodikoan

2016/01/07 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

lau-elementu-berri-taula-periodikoan
Arg. Armtuk, Alessio Rolleri, Gringer / CC- BY-SA 3.0

Lau elementu berrirekin hasi du urtea taula periodikoak. Izan ere, abenduaren 30ean onartu zituen ofizialki 113, 115, 117 eta 118 elementuak Kimika Huts eta Aplikaturako Nazioarteko Batasunak (IUPAC). Elementu horiekin taula periodikoaren zazpigarren lerroa osatuta gelditu da.

Zenbaki atomikoaren arabera ordenatzen dira elementuak taulan, atomoak dituen protoi kopuruagatik, alegia. 92 protoi baino gehiago dituzten elementuak, oso ezegonkorrak dira, eta oso arraroa da naturan aurkitzea. Baina, zientzialariek hamarkadak daramatzate partikula-azeleragailuetan elementu berriak sortzen, eta oso denbora-tarte laburrean bada ere, existitzen direla frogatzen. 2011n 114 eta 116 elementuak gehitu zirenetik, eguneratu gabe zegoen taula periodikoa.

Azken lau elementu hauek 2002 eta 2010 artean aurkitu dira. IUPAC-en arabera, 113a ikertzaile japoniarrek aurkitu zuten, eta gainerako hirurak ikertzaile errusiar eta estatubatuarrek osatutako talde batek. Hurrengo hilabeteetan, elementuei izenak jarri ahal izango dizkiete aurkitzaileek. 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia