Elhuyar zientziaren komunikazioa

Klima-aldaketa

2017/12/01 Oihane Martin Sainz de la Maza - Mikrobiologia eta Parasitologia Zerbitzua / Ramón y Cajal ospitalea | Pascual, Unai - Klima eta Natur Ingurunea / Basque Centre for Climate Change Iturria: Elhuyar aldizkaria

Klima-aldaketaren auzia ekarri dugu gurera. Zer dugu hausnartzeko gai honen inguruan? Bi ikuspegi, bi iritzi. Bata, mediku batena, eta bestea, ekonomialari batena.

klima-aldaketa
Arg. NASA

Gaixotasunen intzidentzia eta hedapenean eragina du tenperaturak

Oihane Martin Sainz de la Maza

Mikrobiologia eta Parasitologia Zerbitzua / Ramón y Cajal ospitalea

Aurreko udan, zientzialari bat entzun nuen irratian, kaparren inguruan hitz egiten. Beste edozein unetan, ezohikoa izango litzateke irratian halakorik entzutea, baina ez aurreko udan; aste hartan, Avilako gizon bat hil berri zen Krimea-Kongo gaixotasun arrotz eta exotikoak jota.

Zientzialaria haserre zegoen, eta antenako minutuak eskas egiten zitzaizkion entzuleei bere kezka azaltzeko. Klima-aldaketaren ondorioz negu epelek kaparren biologian (neguko biziraupen-tasaren igoeran eta aktibitate-aldiaren luzapenean) eta transmititzen dituzten patogenoetan duten eraginari buruz ari zen. Zientzialariaren ikertaldeak 2010ean eman zuen penintsulan birusa agertu izanaren berri. Kaparretan birusaren andui afrikar bat aurkitu zuten, ziurrenik hegazti migratzaileekin heldutako kaparrek ekarria eta Avilako gizonaren heriotzaren eragilea.

Gaixotasunen bektoreen bizi-zikloa eta hedapen geografikoa baldintzatzen du tenperaturak, baina baita garraiatzen dituzten patogenoen bideragarritasuna ere; eta eragina du gaixotasunen intzidentzia eta hedapenean. Gaixotasunen agerpen eta berragerpenaren erantzule da klima-aldaketa (negu epel, uda bero eta muturreko fenomeno meteorologikoen igoerarekin), lurraren erabileraren aldaketarekin, mugimendu demografikoekin, gatazkekin eta nazioarteko merkataritzarekin batera. Horiek guztiek baldintzatzen dituzte patogeno, gordailu eta bektoreak.

Nahiz eta azkenengo hamarkadan hainbat ekimen jarri diren martxan klima-aldaketak gaixotasun infekzioso eta ez-infekziosoetan duen eragina ikertzeko, eskasak dira oraindik mundu mailako konpromisoa eta inbertsioa. Ezinbestekoa da gaur egungo garapen-ereduarekin bukatzea, klima-aldaketak gaixotasunen eko-epidemiologian eta osasunean izan ditzakeen ondorio larriak murrizteko.

 

Ekofeminismoaren ikuspegi berria klima-aldaketaren debatean

Unai Pascual García de Azilu

Klima eta Natur Ingurunea / Basque Centre for Climate Change

Inoiz ez bezalako une historikoa bizi dugu jasangarritasun globalaren trena ez galtzeko beharrezkoak diren aldaketa sozialak lortzeko. Oztoporik handienetariko bat da klima-aldaketarekin mundu-mailan hazten ari den desparekotasun soziala. Gaur egun, oro har, politika think tank-ek eta gobernuek ez dute kontuan hartzen desparekotasun sozial horiek uztarturik dakarten ingurumen-dimentsioa. ‘Ingurumen sozialean’ adituak diren zientzialarien iritziz, genero-desparekotasuna da gaur egungo eta etorkizuneko ongizatea kolokan jar dezaketen mehatxurik larrienetariko bat, lurraren funtzionamendu ekologikoa bera ere hankaz gora jar dezakeena.

Ingurumen kezkekin erlazionaturik dauden gai feministei buruz mintzo da ekofeminismoa, zeina gizonezkoen zapalkuntzaren ondorioz agertzen baita. Hasieran, emakumezkoek gizonezkoek baino lurrarekiko lotura sakonagoa dutela nabarmentzen zuen ekofeminismoak, eta emakumezkoak biktima moduan ezartzen zituen, adierazten baitzuen ingurumenaren degradazio hori era berean opresio patriarkalaren ondorioz gertatzen zela.

Gaur egun, ordea, ekofeminismoak ñabarduraz beteriko begirada berri batez egiten dio aurre ingurumenaren degradazioaren eta baita klima-aldaketaren arazoari ere, hots, uko egiten dio “emakumezkoen” kategoria bateratu eta homogeneoa “gizonezkoen” kontra jartzeari. Hortaz, “generoaren eta boterezko erlazioen izaera intersekzionalaren” gaia aztertzea da gaur egun benetan interesa duena. Begirada honek mesede handia egin diezaioke zientzia eta politikari, genero eta klima-aldaketari buruzko lotura konplexuei heldu ahal izateko. Zehazki, ekonomikoki baztertutako, kulturalki ikusezin eta politikoki ez-ahaldundua dagoen klase sozialaren arteko intersekzioan fokatu beharko genuke generoa.

Beste era batera esanda, gizartean klima-aldaketak sortzen dituen arazoak konpontzeko ahaleginak eraginkorragoak izango dira, baldin eta generoa ikuspegi intersekzionaletik heltzen hasten bagara. Heldu da garaia ekofeminismoaren ikuspegi berria klima-aldaketaren inguruko debatearen erdigunean ezartzeko, bai Euskal Herrian eta baita mundu osoan zehar ere.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia