Elhuyar zientziaren komunikazioa

Ikerketa klinikoetan aldaketa esanguratsuak egingo ditu NIHk

2018/01/23 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ikerketa-klinikoetan-aldaketa-esanguratsuak-egingo

Estatu Batuetako Osasunaren Institutu Nazionalak (NIHk) iragarri du aldatu egingo duela biomedikuntzako ikerketak finantzatzeko politika. Ikerketa klinikoetan gardentasuna, zehaztasuna eta errepikakortasuna lortzea da helburua, eta baita gizartearekiko konpromisoz jokatzea ere.

Horretarako, finantzatuko diren ikerketek baldintza batzuk bete beharko dituzte. Esaterako, erabiliko diren protokolo klinikoak aurrez erregistratu beharko dira. Bestetik, ikerketaren emaitza guztiak argitaratu beharko dira. Bi neurri horiekin, emaitzen argitalpen selektiboa ekidin nahi da, ez daitezen emaitza nuluak ezkutatu. Gainera, gizakien parte-hartze esperimentala eskatzen duten ikerketetan, ikertzaileak praktika kliniko onetan formatu egin beharko dira hiru urtetik behin. Besteak beste, parte-hartzaileen eskubideak, segurtasuna eta konfidentzialtasuna berma daitezen.

Neurriok “entsegu kliniko” gisa definitutako ikerketetan bakarrik hartuko dira. Oro har aldaketak positibotzat hartu badira ere, zientzialariak ez daude guztiz ados. Entsegu klinikoaren definizioa bera nahasgarria dela adierazi du zenbaitek. Francis P. Crawley Europako Praktika Kliniko Onen Ituneko kideak adierazi duenez, “zoritxarrez, NIHek bi lerro sakratu zeharkatu ditu: oinarrizko ikerketa eta ikerketa klinikoaren arteko lerroa, eta zientzia biomedikoen eta giza jokaera aztertzen duten zientzien artekoa”. Definizio-aldaketa horrek kezkak eragin ditu nazioartean, eta jada 3.580 ikertzailek sinatu dute haren kontrako eskaera.

Berez politika-aldaketa honek Estatu Batuetako ikerketei bakarrik eragingo badie ere, pentsatzekoa da joera hori zabaldu egingo dela, aurretik NIHk hartutako neurriek izan duten eragina ikusita. Aldaketak 2018ko urtarrilaren 25an jarriko dira martxan.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia