Elhuyar zientziaren komunikazioa

Diesel motorren gasak heriotza goiztiarren eragile direla ohartarazi dute

2017/05/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

diesel-motorren-gasak-heriotza-goiztiarren-eragile
Arg. Artxibokoa.

Diesel motorrek laborategiko probetan baino askoz ere nitrogeno oxido gehiago isurtzen dutela salatu dute Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Horrekin batera, gas horiek eragindako heriotza goiztiarrak ere kalkulatu dituzte ikertzaileek, eta gas horien isurketa murrizteko neurriak zorroztea eskatu dute.

Artikuluaren egileak Estatu Batuetakoak, Britainia Handikoak eta Austriakoak dira, eta elkarrekin aztertu dituzte diesel motorren nazioarteko 11 merkatu. Merkatu horietan saltzen dira diesel motorra duten ibilgailuen % 80, eta ikusi dute ibilgailu astunen herenek eta arinen erdiek legeak ezarritako isurketa-mugak gainditzen dituztela. Hala, 2015ean, motor horiek nitrogeno oxidoen 13,2 milioi tona isuri zituzten, eta, haietatik, 4,6 milioi ezkutuan zeuden.

Isurketa horiek eragin handia dute airean dagoen partikulen finen eta ozonoaren kontzentrazioan, eta, poluitzaile horiek, berriz, heriotza goiztiarrekin erlazionatuta daude. Ikerketan kalkulatu dutenez, 107.600 heriotza goiztiar eragin zituzten poluitzaile horiek, espero baino 38.000 gehiago, eta hamarretik zortzi Txinan, Indian eta Europako Batasunean izan ziren. Asiako eta Amerikako herrialde gehienetan arazo handiena ibilgailu astunek eragiten badute ere, Europan arazoa furgoneten eta autoen isuriak direla ere nabarmendu dute.

Neurri zorrotzak hartu ezean, 2040. urtean heriotza goiztiarrak 174.000 izango direla ohartarazi dute. Hori eragozteko, Europan dagoeneko ezarrita dauden neurriak betearazteko eskatu dute, eta neurri eraginkorrak ezartzeko, berriz, Australia, Brasil, Txina, Mexiko eta Errusian.

0.0/5 rating (0 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago
DokuSare bidez

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia