}

Ben Barres neurozientzialari iraultzailea hil da

2018/01/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ben-barres-neurozientzialari-iraultzailea-hil-da
Ben Barres Arg. Stanford Unibertsitatea

Ben Barres 2017ko abenduren 27an hil zen, 63 urterekin, pankrea-minbiziak jota. Neurozientzialari bikaina, “gliaren gurua” ere deitzen zioten, haren lana funtsezkoa izan baitzen, eta da orain ere, garuneko zelula-mota horiek ezagutzeko. Aurretik, ikertzaileek neuronei ematen zieten garrantzia guztia, haiek egiten zituztelakoan garuneko funtzio guztiak. Ben Barresek, ordea, frogatu zuen gliako zelulek ere (garuneko zelulen 10etik 9k osatzen dute glia) funtzio garrantzitsuak betetzen zituztela, eta aintzat hartu behar zirela garuna ezagutzeko eta harekin erlazionatutako gaitzak ulertzeko.

Hala dio Carlos Matute Almau Achucarro Neurozientzien Ikerketa Zentroko zuzendari zientifikoak: "Barres aitzindari bat izan zen, haren lanak ikerketa-eremu berri oso bat ireki zuen. Besteak beste, frogatu zuen gliako zelula-mota batek, astrozitoek, neurotransmisoreentzat errezeptoreak zituztela; ordura arte, neuronek baino ez zituztela uste zen. Hori sekulako iraultza izan zen. Sinapsiak sortzen eta desegiten astrozitoek duten funtzioa argitu zuen, eta oligodendrozitoak (gliako beste zelula-mota bat) laborategian hazteko protokoloak eta teknikak sortu zituen, gaur egun gure laborategian erabiltzen ditugunak. Egia esan, gure egunerokoan, etengabe jotzen dugu glian espresatzen diren geneekin hark sortu duen datu-basera, guretzat ezinbesteko erreferentea baita".

Maila pertsonalean ere hitz onak baino ez ditu Matutek: "1990eko hamarkadaren hasieran, 1991 izango zen, oligodendrozitoen hazkuntzarako metodo bat argitaratu zuen. Hura irakurri nuen eguna urtezaharra zen, eta metodoa eskatzeko idatzi nion. Urteberri egunean laborategira lanera joan nintzenean, han neukan. Horrek bi gauza erakusten ditu: ikerketari emana bizi zela, eta benetan eskuzabala zela".

Berdintasunaren aldeko ekintzaile sutsua ere bazela gogoratu du Almauk. Hain zuzen ere, transa zen. Jaio zenean, Barbara izena eman zioten, eta jada ikertzaile zela hartu zuen Ben izena. Horrekin badu pasadizo bitxi bat. Whitehead Institutuan gliari buruzko jardunaldi batzuetan, ikertzaile batek Ben entzun zuen hitzaldi bat ematen, eta, Barbararen anaia zelakoan, Ben arreba baino zientzialari hobea zela adierazi zuen. Genero-bazterkeria bere azalean bizita, emakumeen eta LGTBI+ pertsonen eskubideen alde egin zuen, bizitza pertsonalean zein akademikoan.

Azkenik, mentore gisa egindako lana ere goraipatu du Matutek: "Arlo horretan ere, asko ikasi dut harengandik. Ikertzaile-ibilbidean, inon ez dizute irakasten nola izan irakasle ona. Beraz, asko zor diet Barresek mentore ona izateko idatzi dituen aholkuei, bidea erakutsi baitzidaten".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia