Elhuyar zientziaren komunikazioa

Aurrerapauso nabarmenak GIBaren detekzioan eta hiesaren tratamenduan

2017/02/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Berriki, hiesari aurre egiteko bidea errazten duten bi ikerketa plazaratu dira. Batean, hiesa eragiten duen birusa, GIBa, goiz detektatzen duen biosentsorea aurkeztu dute; bestean, berriz, antierretrobiralik hartu behar ez izateko txertoa.

aurrerapauso-nabarmenak-gibaren-detekzioan-eta-hie
Garatu duten biosentsoreak infekzio gertatu eta astebete igaro ondoren detektatzen du GIBa. Arg. Joan Costa/CSIC

Biosentsorea gai da GIBa odolean detektatzeko, infekzioa gertatu eta astebetera. Orain arte, bi metodo erabili izan dira GIBa detektatzeko; lehena birusaren RNAren detekzioan oinarritzen da, eta bigarrena, GIBaren antigenoetako baten detekzioan, p24 proteinarenean, hain zuzen. Infekzioa gertatu eta bi aste igaro ondoren egin daiteke lehena, eta bigarrena, berriz, hiru-lau aste igaro ondoren. Alde horretatik, biosentsoreak aukera ematen du GIBa detektatu eta lehenbailehen ezartzeko tratamendua.

Aurkeztutako biosentsorea p24 proteinaren detekzioan oinarritzen da, baina oraingo sistemak baino 100.000 aldiz kontzentrazio txikiagoak detektatzeko gai da. Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikertzaileek garatu dute, eta, haien arabera, oso da azkarra: 4-5 ordu behar dira proba egiteko; beraz, emaitza egun berean lor daiteke.

PLOS ONE aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Azaldu dutenez, biosentsoreak siliziozko egitura mikromekanikoak eta urrezko nanopartikulak konbinatzen ditu, eta biek ere p24 proteinaren antigorputzak dituzte. Elkar indartzen duten seinale mekaniko eta optikoak sortzen ditu bien konbinazioak; horrek egiten du hain sentikortasun handia izatea.

Dagoeneko probatu dute pertsonetan, eta patentatuta dago. Gainera, beste antigorputz batzuekin, teknologia berak minbizi batzuen biomarkatzaileak detektatzeko ere balio du.

Txerto terapeutikoa lortzeko bidean

Txerto terapeutikoaren ikerketa, berriz, Erretrobirusei eta Infekzio Opartunistei buruzko Biltzarrean aurkeztu dute (CROI), hiesaz eta GIBaz munduko biltzar garrantzitsuenean.

Txerto terapeutikoari esker, GIBa euren kabuz kontrolatzea lortu dute. Arg. IRSICaixa

Berez, saio kliniko baten emaitzak dira aurkeztutakoak. Hain zuzen, bost pertsonak GIBa euren kabuz kontrolatzea lortu dute IrsiCaixa Institutuan egindako saio batean; hau da, erretrobiralak hartu behar izan gabe.

Normalean, erretrobiralak hartzeari utzi eta lau astera, GIBak berriro hartzen du indarra. Bost pertsona horiek, ordea, txertatu, eta 5, 13, 17, 20 eta 27 aste daramatzate erretrobiralik hartu gabe eta GIBa kontrolpean dutela.

Berez, bi txerto dira, Oxford Unibertsitatean garatutakoak: ChAdV63.HIVconsv eta MVA.HIVconsv GIBaren aldaera desberdinen eremu komunetan oinarrituta egin dituzte txertoak, eta erantzun immunologiko indartsua eragiten dutela frogatu dute. IrsiCaixako saioan MVA.HIVconsv txertoaren bi dosi sendogarri eman zizkieten, eta Romidepsinaren 3 dosi. Romidepsinaren zeregina ezkutatuta dauden birusak lozorrotik ateratzea da.

Txertatu ondoren erantzun immunologikoa erakutsi zuten parte-hartzaileak erretrobiralen tratamendua uztera gonbidatu zituzten, eta haietako bost birusa euren kabuz kontrolatzeko gai direla erakutsi dute. Oraindik ikertzen jarraitu beharko badute ere, ikertzaileak itxaropentsu daude, beraz.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia