Elhuyar zientziaren komunikazioa

Arlanpeko Dama, Paleolitoko artearen adibide bakana, argitara

2015/10/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arlanpeko kobazuloan (Lemoa, Bizkaia) emakume-itxurako grabatuak dituen harri handi bat aurkitu dutela jakinarazi dute. Grabatuak duela 17.500 urte ingurukoak dira, eta haietako bat osorik dago. Aurkikuntza aparta da, orain arte ez baitute horrelakorik topatu penintsulan. Hala, era horretako artearen banaketa geografikoa eta kronologia osatzeko gakotzat jo dute. Joseba Rios Garaizarrek zuzendu du ikerketa-taldea, eta Oxford Journal of Archaeology aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri.

arlanpeko-dama-paleolitoko-artearen-adibide-bakana
Irudietako baten argazkia eta kopia. Arg. Diego Garate

Grabatuak dituen kare-harrizko blokea 2011n aurkitu zuten. Riosen hitzetan, “izugarrizko emozioa” sentitu zuten, eta Arlanpeko Dama deitu zioten, Anbotoko Damari keinu eginez: “hura bezala, milaka urtetan egon baita kobazuloan”.

Zailena “harri koxkor hura” haitzulotik jaistea izan omen zen, 70 kilo baititu gutxi gorabehera. Emakume-itxurako grabatu eskematikoak arrokaren bi aldetan agertzen dira. Irudietako bitan lehen marrak bakarrik ikusten badira ere, beste bat oso-osorik dago. Enborra, besoak, hankak eta burua ageri ditu, eta estiloak bat egiten du Europaren erdialdean eta Frantzian aurkitutako antzeko grabatuekin. Magdaleniar garaikoak dira, eta Gönnersdorf-Lalinde izeneko tipokoak. Horrek batasun kulturala adieraziko luke.

Grabatuetako bat, gertutik. Arg. Diego Garate.

Arlanpeko irudiek, gainera, badute berezitasun bat: Gönnerdorf-Lalinde tipoko irudi zaharrenetakoak dira; hain zuzen, Gönnersdorf-ekoak baino 1.000 urte inguru zaharragoak dira. Ikertzaileen arabera, horrek, batetik, grabatu-mota hori uste zutena baino antzinakoagoa dela erakusten du; eta, bestetik, Europaren hego-mendebaldean sortu zela eta, gero, azken glaziazioaren amaieran populazioak iparraldera migratzean, hedatu zela dioen hipotesia indartzen du. 

Bestalde, grabatuek izan zezaketen funtzioa edo esanahia ere aipatzen dute. Haien esanean, ustez ehiza-leku zen toki batean arroka grabatu bat egotea ez da azaltzen erraza, baina baliteke espazio erritual bat sortu nahi izatearekin lotuta egotea. Hain justu, azalpen bera proposatzen dute Kantauriko beste leku batzuetarako ere.

Riosekin batera, Bilboko Arkeologia Museoko, Tolosako Unibertsitateko eta Ikerbasqueko ikertzaileak aritu dira lanean; tartean dira, adibidez, Diego Garate eta Asier Gomez-Olivencia. Giza Eboluzioaren Espainiako Ikerketa Zentroak zuzendu du ikerketa (CENIEH), eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Barandiaran Fundazioaren laguntza jaso du.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia