}

Immunitate-sistema zahartzea, adinarekin minbizi gehiago izatearen arrazoia

2018/02/06 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

adinarekin-minbizi-gehiago-izatearen-arrazoia-immu
T zelulak minbizi-zelula bat inguratzen. Arg. Alex Ritter, Jennifer Lippincott Schwartz, Gillian Griffiths / National Institutes of Health / CC BY-NC 2.0

Adinarekin nabarmen handitzen da minbizia izateko arriskua, eta hori mutazioak pilatzearen ondorioz gertatzen dela uste bazen ere, arrazoi nagusia beste bat izan liteke: immunitate-sistemaren zahartzea. Ondorio horretara iritsi dira PNAS aldizkarian argitaratu duten lan batean.

Ikertzaileek bi milioi minbizi-kasu aztertu dituzte (18-70 adin-tartekoak, eta 100 minbizi-mota), eta ikusi dute mutazioen hipotesiak baino hobeto azaltzen duela immunitate sistemaren ahultzeak zahartzean minbizi gehiago izatea. Hala, ikertzaileek iradoki dute immunitate-sistemak uste baino paper garrantzitsuagoa joka dezakeela minbiziaren garapenean.

Immunitate-sistemaren zahartzearen arrazoi nagusietako bat timoa txikitzea da. Adinarekin etengabe txikitzen doa timoa, eta, hain zuzen ere, han sortzen dira T zelulak, gorputzeko zelula akastunak deuseztatzeaz arduratzen direnak. Hala, timoa txikiagoa egiten den heinean T zelula gutxiago sortzen dira, eta tumoreak sortzea galarazteko gaitasuna txikitu egiten da, ikerketa berri honek iradokitzen duenez. Horrek, gainera, azalduko luke gizonezkoek minbizi gehiago izatea, timoa azkarrago txikitzen baita gizonezkoetan.

Ikertzaileek azpimarratu dute hipotesi hau balioztatzeko ikerketa gehiago behar direla, eta mutazioei ere ez diete garrantzirik kendu. Baina, proposatu dute, mutazioez gain, immunitate-sistemaren eraginean ere jarri beharko litzatekeela fokua, bide horretatik minbiziaren tratamendurako eta prebentziorako estrategia berriak etor bailitezke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia