X izpien oihartzun kosmikoa, eraztun
2015/06/29 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Erdigunean Circinius X-1, bi izarrez osaturiko sistema bat, eta inguruan lau eraztun erraldoi. X izpien leherketa baten oihartzuna da NASAk argitaratutako irudi ikusgarri horretan ageri dena. 2013an gertatu zen eztanda, eta Chandra teleskopioari esker ikus dezakegu orain. Izan ere, Chandrak X izpien seinaleak jasotzen ditu.
Kolore gorria, berdea eta urdina energia txikiko, ertaineko eta handiko X izpiei dagozkie, hurrenez hurren. Eraztunak, berriz, izpi horiek izarrarteko hauts-hodeien aurka errebotatzean sortutako oihartzuna dira. Eraztun bakoitza hodei desberdin bati dagokio. Lurretik ikusita, hodeia gugandik zenbat eta gertuago, handiagoa dirudi eraztunak; hala, emaitza, eraztun-sistema zentrokide bat da. Zehazki, 41 eta 55 argi-urte arteko neurria dute; hain dira handiak, Chandrak ezin baititu osorik ikusi, eta horregatik ageri dira moztuta.
X izpien oihartzunaren bidez, astronomoek Circinius X-1 Lurretik zer distantziara dagoen zehaztu ahal izan dute: 30.700 argi-urte. Horretarako, Chandrak jasotako informazioa Mopra irrati-teleskopioak lehendik bildutakoarekin konbinatu dute. Moprari esker, astronomoek bazekiten hauts-hodei bakoitza Lurretik zenbatera dagoen, eta X izpien oihartzunak hodeien eta Circinius X-1en arteko distantziak kalkulatzeko bide eman du. Guztia batuta, Lurraren eta Circinius X-1 arteko tartea zehaztasunez jakin ahal izan dute. Orain arte, alde handia zegoen neurketa batzuetatik besteetara.
Circinius X-1 sistema interesgarria da astronomoentzat, energia altuko partikula-zorrotada oso indartsuen iturri baita. Erdigunean neutroi-izar bat du, supernoba leherketa batean suntsitutako izar baten nukleoa, baina haren portaerak antz handia du zulo beltzekin. Hain zuzen ere, astronomoek baieztatu dute bertako partikula-zorrotaden abiadura argiarenaren % 99,9 dela gutxienez, eta, hori, normalean, zulo beltzen propietatea da. “Zentzu batzuetan neutroi izarraren portaera du, eta beste batzuetan zulo beltzarena” esan du Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko Catherine Braidingek, ikerketaren egileetako bat “oso ezohikoa da propietate horien batera dituen objektu bat aurkitzea”. Ikerketaren emaitzak The Astrophysical Journal aldizkarian argitaratu dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia