Sentikortasun handiko kamera bat sortu dute grafenoa erabiliz
2017/05/29 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aldi berean ultramorean, argi ikusgaian eta infragorrian ikusteko gai den kamera bat sortu dute, grafenoa erabiliz. Kataluniako ICFO Kataluniako Fotonika Institutuko ikertzaileek sortu dute gailua, Grapheneakoekin lankidetzan, eta Nature Photonics aldizkarian eman dute horren berri.
CMOS (metal oxido erdieroale osagarri) motako zirkuitu integratuak gako izan dira azken 40 urteotako teknologiaren garapenean, horietan oinarritzen baitira mikroelektronikako eta irudigintzako sistema asko. Baina CMOS motako zirkuitu integratuetan orain arte ezin zen silizezkoa ez zen erdieroalerik integratu, eta horrek asko mugatzen zituen aplikazioak. Esaterako, irudi-sentsoreek argi ikusgairako bakarrik balio zuten. Orain, ordea oztopo hori gainditu eta grafenoa integratzea lortu dute, lehenengoz.
Hala, bereizmen eta sentikortasun handiko irudi-sentsore bat sortu dute, grafenoz eta nanopuntuz osatutako milaka fotodetektagailu ditu irudi-sentsore bat. Eta kamera digital batean aplikatu dute sentsore hori. Ikertzaileek azpimarratu dute sentsorea egiteko ez dela prozesamendu konplexurik behar, eta, beraz, erraza eta merkea dela. Horregatik, uste dute aurrerapauso garrantzitsua izan daitekeela espektro anitzeko eta bereizmen handiko irudigintzarako gailu merkeak sortzeko. Aplikazioak, berriz, hamaika: mugikorretarako kamerak, gaueko zaintzarako kamerak, automoziorako sentsoreak, medikuntzako irudigintza, elikagaien eta farmakoen azterketa, ingurumenaren monitorizazioa, eta abar.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia