}

Saturnoko hexagonoaren egitura argitu dute

2020/05/11 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

saturnoko-hexagokoaren-egitura-argitu-dute
Saturnoren Ipar poloko hexagono-formako egitura karakterizatu dute EHUn. - Arg. NASA/JPL-Caltech/Space Science Institute

Saturnoko “hexagono” fenomenoaren egitura geruzaz geruza aztertu eta karakterizatu dute  EHUko Planeta Zientzien Taldeko ikertzaileek. Saturnoko Ipar poloko egitura hori bakana da, eta lehen aldiz behatu zutenetik piztu du planeten atmosferen ikertzaileen arreta. EHUko Planeta Zientzien Taldeak ere urteak daramatza hura ikertzen, eta, orain, azken emaitzak argitaratu dituzte Nature Communications zientzia-aldizkarian.

Azaldu dutenez, hexagonoa lanbro-geruzaz osatuta dago. Geruza bakoitzak 7 eta 18 kilometro arteko lodiera du, eta analisi espektralaren arabera, partikula oso txikiz osatuta daude (0,1-1 mikra arteko erradiokoak). Konposizio kimikoak ez du lurreko lanbroarekin antzik: Saturnoko atmosferaren tenperatura baxuak direla eta (120-180°C zero azpitik) lanbro horiek hidrokarburozko izotz kristal txikiaz osatuta egon litezke, esaterako, azetilenoz, propinoz, propanoz, diazetilenoz, eta, lanbro garaienetan, baita butanoz ere. 

Taldearen hipotesiaren arabera, grabitate-uhinen hedapen bertikalak antolatzen ditu lanbro-geruzak. Are gehiago: hexagonoaren beraren dinamika eta zurrusta-korronte indartsua leudeke grabitate uhin horien oinarrian. Lurrean ere behatu dira erdialdeko latitudeetan 100 km/h-ko abiaduran sartaldetik sortaldera mugitzen den zurrusta-korronte uhindunak sortutako antzeko uhinak. Saturnokoa antzekoa izan liteke, baina, planetaren berezko ezaugarrientatik, bakana da eguzki-sisteman.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia