}

SARS-CoV-2a hondakin-uretan detektatzea, alerta-sistema goiztiar eraginkorra

2020/05/12 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

sars-cov-2a-hondakin-uretan-hautematea-alerta-sist
Araztegietan SARS-CoV-2a monitorizatzeak osasun-sistemak berak baino lehenago identifikatuko luke COVID-19aren agerraldi berri bat. Arg. Flickr

COVID-19aren eboluzioa kontrolpean izateko, gakoa izango da aurrerantzean gerta daitezkeen agerraldi berriak garaiz detektatu eta neurriak hartzea. Hortaz, birusaren jarraipen epidemiologikoa egiteko erremintak garatzen ari dira zientzialariak. Science of the Total Environment aldizkari zientifikoak argitaratutako artikulu batek dio estolderiatik datorren ura aztertzea izan daitekeela COVID-19a jarraitzeko sistema eraginkorra, infekzioa hasi eta hiru egunera jada birusa gorotzetan eta gernuan azaltzen baita, eta erraz detektatu baitaiteke araztegietan.

Gorka Orive Arroyo EHUko Farmazia Fakultateko ikertzailea eta Unax Lertxundi Etxeberria Arabako Osasun Mentaleko farmazialaria dira lanaren egile nagusiak. Haien ustez, araztegien monitorizazioak osasun-sistemak berak baino lehenago identifikatuko luke birusaren balizko agerraldi berri bat.

Birusa kontzentrazio txikietan detektatzea da zailtasun handiena, oraingoz. PCRa da birusa detektatzeko araztegietan erabiltzen hasi diren entsegua, baina dagoeneko monitorizazio-tresna berriak garatzen ari dira, errazagoak, merkeagoak eta azkarragoak izan daitezkeenak: biosentsoreak eta paperean oinarritutakoak, besteak beste.

Hala ere, badira ikertu beharreko beste hainbat kontu oraindik: norbanako bakoitzak gorotzetan zenbat birus askatzen duten argitu behar da, esaterako, eta birusa kuantifikatzeko protokolo estandarizatuak eta fidagarriak finkatu behar dira.

Hondakin-uretan birusen jarraipena egitea arrakastaz erabili izan da bestelako birusekin  (A hepatitisa, Poliobirusa, Norobirusa…), eta, egileen ustez, araztegietan hondakin-urak monitorizatzeko planak ezartzea gakoa izan daiteke COVID-19aren agerrialdi berriak kontrolatzeko. Dagoeneko Gasteiz inguruko Krispijanako ur-araztegian jarri dute martxan. Baina, egileen ustez, baita esparru mikroetan ere ezar liteke hondakin-uretako detekzio-sistema; esaterako, azkarren heda daitekeen esparruetan, bereziki, zahar-etxeetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia