Sagu batzuek pertsonen antzeko hilekoa dutela aurkitu dute
2016/06/14 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sagu afrikar batek hilekoa duela aurkitu dute Australiako Clayton Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Aurkikuntza harrigarria izan da, ezagutzen diren gainerako karraskariek ez baitute hilekorik izaten. Horregatik, laborategietako sagu eta arratoiak oso eredu kaskarrak dira emakumeen ugaltze-aparatua eta haren asaldurak ikertzeko. Aurkikuntza honekin, hain zuzen ere, horretarako eredu aproposago baten aurrean egon gaitezkeela uste dute ikertzaileek.
Acomys cahirinus sagu emeek bederatzi eguneko zikloa dutela ikusi dute, eta hilekoak 3 bat egun irauten diela, zikloaren % 20-40. Horretan, emakumeen zikloaren antza du, 28 eguneko zikloaren % 15-35 irauten baitu hilekoak emakumeetan. Emaitza horiek bioRxiv webgunean argitaratu dituzte.
Orain, ziklo bakoitzean umetokia estaltzen duen ehuna saguetan nola hazten den eta nola desegiten den ikertzen ari dira ikertzaileak, batetik; eta, bestetik, transkriptoma (une jakin batean espresatzen den RNA guztia) aztertzen ari dira, geneek zikloa nola erregulatzen duten jakiteko asmoz.
Emakumeen ugaltze-aparatua ikertzeko aukera berriak irekiko diren itxaropena dute ikertzaileek, nahiz eta oraindik goiz den hori jakiteko. Orain arte zeuden eredu egoki bakarrak primateak ziren. Izan ere, ugaztunen % 1,5ek bakarrik du hilekoa, eta horietako gehienak primateak dira. Laborategiko sagu arruntek ere hilekoa izatea eragin daiteke, baina obarioak kendu behar zaizkie, eta hormona-dosi handiak eman.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia