}

Oxigeno-maila apalak eboluzioa atzeratu izanaren arrazoia argitu dute

2017/02/08 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

oxigeno-maila-apalak-eboluzioa-atzeratu-izanaren-a
Lurraren argazkia. Arg. NASA

Duela 2.400 milioi urte Oxigenazio Handia gertatu zen Lurraren atmosferan, hau da, biologikoki sortutako oxigenoa agertzen hasi zen. Baina oxigeno-maila ez zen areagotzen joan espero zitekeen bezala, eta apal iraun zuen 1.500 milioi urtez. Ikerketa berri batek azaldu du horren zergatia. Exeterreko Unibertsitateko ikertzaileek garatutako ereduen arabera, Oxigenazio Handiaren ondoren, plaka tektonikoek arroka sedimentarioak azaleratu zituzten, eta han zegoen materia organikoa oxigenoarekin erreakzionatzen hasi zen. Zenbat eta oxigeno gehiago izan atmosferan, orduan eta azkarrago erreakzionatzen zuen materia organikoarekin. Ondorioz, oxigenoa sortu ahala, kontsumitu egiten zen. Horrela izan zen landareak areagotzen hasi arte; izan ere, orduan, fotosintesi globala bikoiztu eta oreka hautsi egin zen. Horrek ahalbidetu zuen animaliek Lurra kolonizatzea eta gizakiaren eboluzioari bide egitea. Nature Communications aldizkarian argitaratu da ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia