}

Orkidea eta sitsa

2015/02/12 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

orkidea-eta-sitsa
Arg. Manu Ortega

Darwin txundituta gelditu zen orkidea harekin. James Bateman lorezain ospetsuak bidali zion, 1862ko urtarrilean, Madagaskartik ekarritako beste hainbat orkidearekin batera. Honela idatzi zion Joseph Hooker-i: “Jaso berri dut, Bateman jaunak bidalitako kaxa batean, Angraecum sesquipedale harrigarria; oin bat luze da haren nektarioa. Arraioa, zein intsektuk zupatuko du hori!”

Orkideen intsektu bidezko polinizazioa ikertzen ari zen Darwin, eta honela idatziko zuen urte hartan bertan argitaratuko zuen gai horri buruzko liburuan (On the Various Contrivances by which British and Foreign Orchids are Fertilised by Insects): “Beldur naiz irakurlea nekatzeaz, baina hitz batzuk esan beharrean nago Angraecum sesquipedaleri buruz, zeinaren sei puntako loreek, argizari zurizko izarrak balira bezala, bidaiarien lilura piztu baitute Madagaskarren. Luzera harrigarriko latigo gisako nektario berde bat du zintzilik labeloaren azpian. Bateman jaunak bidalitako hainbat loretan nektarioak hamaika hazbete eta erdi [29,2 cm] luze zirela ikusi nuen, eta soilik beheko hazbete eta erdia [3,8 cm] nektar oso gozoz beterik zegoela. Galde daiteke: zertarako balio ote dezake halako neurriz kanpoko nektario batek? Ondoriozta genezake, nik uste, landare honen polinizazioa luzera horren eta hondo estuan soilik dagoen nektarraren mende dagoela”.

Darwinek bazekien mota hartako orkideak sitsek polinizatzen zituztela, eta argi ikusi zuen ia 30 zentimetroko nektario luze haren hondoan zegoen nektarra sitsen batentzako amua zela, orkidea polinizatu zezan. Probak egin zituen sitsen nektarra zurrupatzeko modua imitatuz. Hodi mehe bat sartu zuen nektarioan, sitsak bere proboszidearekin egingo lukeen bezala, eta ikusi zuen hodiaren oinarrian polena itsatsita gelditzen zela. Hodia berriz nektarioan sartuz gero, polen hori estigmara iristen zen.

“Hala ere —jarraitzen du liburuan—, harrigarria da intsekturen bat nektar horretaraino iristeko gai izatea: gure esfinge ingelesek gorputza bezain proboszide luzeak dituzte, baina Madagaskarren izan behar dute sitsak hamar eta hamaika hazbete artean luzatzeko gai den proboszide bat dutenak!”.

Darwinek proposatu zuen hautespen naturalaren bidez sitsak handiago egin ziren heinean, (horrek abantailaren bat ekarriko zielako), edo, soilik proboszidea luzatu zitzaien heinean (Angraecumen eta beste lore tubularren nektarra zurrupatzeko), nektario luzeagoa zuten A. sesquipedale aleek sitsa gehiago behartuko zutela proboszidea hondoraino sartzera. Hala, nektario luzeagoa zuten loreak hobeto polinizatuko ziren, eta, ondorioz, ondorengo gehiago izango zituzten; gehienak nektario luzekoak. Hala, “badirudi luzatzeko lasterketa bat egon dela, Angraecumen nektarioaren eta sitsen baten proboszidearen artean” idatzi zuen Darwinek. Gainera, halako mendekotasuna izan zezaketen ezen “sits handi horiek desagertuko balira Madagaskarren, seguru asko Angraecum ere desagertuko litzateke”.

Darwinen orkideen polinizazioari buruzko liburuak arrakasta handia izan zuen. Eboluzioaren ideia oraindik berria bazen, koeboluzioarena zer esanik ez. Baina Madagaskarko orkidea eta sitsaren istorio hark eztabaida ere eragin zuen. Batetik, sitsa ez zen ezagutzen, eta, bestetik, izan zen Jainkoaren kreazioaren frogatzat erabili zuenik ere. George Campbell Argyllgo dukearen ustez, esaterako, argi zegoen halako orkidea eta halako sitsa soilik Jainkoak sortuak izan zitezkeela.

Alfred Russel Wallacek dukearen kontra eta Darwinen ideien defentsan idatzi zuen “Creation by Law” artikulua 1867an. Hautespen naturalaren bidez luzera harrigarri horietara nola irits zitekeen argudiatu zuen, sendo.

Darwin bezala, Wallace ziur zegoen sits hori existitzen zela: “Esan behar dut tropikoetan aurkitu diren hainbat sitsek ia Angraecum sesquipedaleren nektarioa bezain proboszide luzeak dituztela. Neronek neurtu dut British Museum-en dagoen Hegoamerikako Macrosila cluentius ale baten proboszidea, eta ikusi dut bederatzi hazbete eta laurden [23,5 cm] luze dela! Afrika tropikaleko batek (Macrosila morganii) zazpi hazbete eta erdi [19 cm] ditu. Proboszidea bi edo hiru hazbete luzeago duen espezie bat Angraecum sesquipedaleren lore handieneko nektarrera iritsi ahal izango litzateke... Segurtasunez iragar daiteke Madagaskarren espezie hori existitzen dela; eta uhartea bisitatzen duten naturalistek hura bilatu beharko lukete, astronomoek Neptuno planeta bilatu zuten adinako konfiantzaz, eta haiek bezain arrakastatsu izango dira!”

1873an, Darwinen defendatzaile Herman Muller botanikari alemanak argitaratu zuen haren anaia Fritzek Brasilen sits bat harrapatu zuela, ia hamar hazbete (25 cm) zituena. Eta Brasilen existitzen bazen, zergatik ez Madagaskarren?

Darwin hil eta hogei urtera, 1903an, aurkitu zuten Lionel Walter Rothchildek eta Karl Jordanek. Espero bezala, handia zen, hegoak zabalik 15 cm zituen, eta haren proboszideak 30 cm inguru. Wallacek aztertu zuen Xantophan morganii (orduan Macrosila morganii) espeziearen subespezie bezala hartu zuten eta Xantophan morganii praedicta deitu zioten.

Hala ere, oraindik frogatzeko zegoen sits horrek benetan A. sesquipedale orkidearen nektarra zurrupatzen ote zuen. Bat baino gehiago saiatu zen hori ikusten XX. mendea zehar, baina mendearen bukaera arte itxaron beharko zen. Bitartean, 1997ra arte. Lutz T. Wasserthal ikertzaile alemanak ere ez zuen lortzen lore haien bisitariak ikustea, azkenean, gazazko karpa baten barruan sartu zituen arte orkideak eta sitsak. Eta orduan bai, lortu zuen Darwinek 135 urte lehenago iragarri, eta geroztik askok irudikatu eta amestu zutena ikustea.

Baina badirudi Madagaskarko orkideen eta sitsen istorioak ez direla bukatu. 1965ean, Jean M. Bosserrek are nektario luzeagoa duen orkidea bat aurkitu zuen: Angraecum eburneum longicalcar. Nektarioa 40 zentimetro luze da, eta polinizatzailea oraindik ez da ezagutzen...

Eskerrak Kepa Altonagari Darwinen egunerako hain aproposa den istorio honen berri emateagatik. Otsailaren 12an ospatzen da Darwinen eguna, egun horretan jaio baitzen, 1809an.

Bibliografia:

Beccaloni, G.: “Darwin and Wallace Predictions Come True”. The Alfred Russel Wallace Website (2010)

Darwin, C. R: ”Darwin to Hooker, 25 Jan 1862”. Darwin Correspondence Project.

Darwin, C. R.: “On the various contrivances by which British and foreign orchids are fertilised by insects, and on the good effects of intercrossing”. London: John Murray (1862)

Hone, D.: “Moth tongues, orchids and Darwin -- the predictive power of evolution”. The Guardian (2013)

Kritsky, G.: “Darwin’s Madagascan Hawk Moth Prediction”. American Entomologist (1991)

Vázquez, D.: “Charles Darwin, la coevolución y el misterio de la polilla lengualarga”. Ecología Explicada (2009)

Wallace, A. W.: “Creation by Law”. Quarterly Journal of Science (1867)

 

"Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. jaialdian parte hartzen du"

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia