}

Olagarroen konplexutasunaren gakoak haien genoman

2015/08/13 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

olagarroen-konplexutasunaren-gakoak-haien-genoman
Arg. Michael LaBarbera

Olagarroaren genoma deskodetu du nazioarteko ikerketa-talde batek, eta animalia horien konplexutasuna ulertzeko hainbat gako aurkitu dituzte. Gaur argitaratu dituzte emaitzak Naturen.

Bentosaz beteriko zortzi beso, begi garatuak, azalaren kolorea eta testura bat-batean aldatzeko gaitasuna, ekintza konplexuak burutzeko adimena… Animalia berezia da olagarroa; batez ere, ornogabeen artean. Eta, dituen ezaugarriak ikusita, ez da harritzekoa genoma handia izatea: ia gizakiena bezain handia da, eta gene gehiago ditu (olagarroak 33.000 gene inguru, gizakiak 25.000 baino gutxiago).

Hain genoma handia izateko, ikertzaileek espero zuten genoma osoa bikoiztuta izango zuela (beste animalia askok bezala), baina orain ikusi dute ez dela hala. Aitzitik, batez ere bi gene-familia dituzte oso hedatuta.

Protokaderinen familia da horietako bat; neuronen garapena eta haien arteko elkarrekintzak erregulatzen dituzte. Ornogabeek familia horretako oso gene gutxi izan ohi dituzte, eta uste zen ornodunetan soilik zirela ugariak. Bada olagarroak 168 gene ditu, ugaztunen bikoitza.

Oso hedatuta duen beste gene-familia zink-hatzen transkripzio-faktoreena da; proteinak zein erritmotan egiten diren erregulatzen dute, eta, besteak beste, nerbio-zelulen mantentzean eragina izan dezakeela uste dute. Familia horretako 1.800 gene ditu olagarroak. Animalietan ezagutzen den bigarren gene-familia handiena da (elefanteek usaimen-hartzaileen 2.000 gene dituzte).

Bestalde, olagarroen berariazko ehunka gene ere aurkitu dituzte, eta ikusi dute horietako batzuk ehun jakin batzuetan espresatzen direla bereziki. Esaterako azalean espresatzen diren gene batzuk lotuta daude olagarroen bat-bateko kolore eta testura-aldaketekin. Eta bentosetan espresatzen diren gene berezi batzuk ere aurkitu dituzte, eta uste dute gene horiei esker dutela olagarroek bentosekin dastatzeko gaitasuna.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia