Odoleko entzima batek agresibitatea txikitzen du
2015/02/03 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Odolean ohikoa den entzima batek agresibitatea erregulatzen duela argitu dute AEBko eta Kanadako ikertzaile batzuek. Saguetan egindako esperimentuetan ikusi dute entzima hori areagotzean oldarkortasuna nabarmen txikitzen dela. PNAS aldizkarian argitaratu dute lana.
Butirilkolinestarasa entzima (BChE) arrunta da ornodunen odolean. Ez dago oso argi zein den haren benetako funtzio fisiologikoa, baina bai hamaika substantzia desegiten dituela, esaterako, kokaina. Hain zuzen ere, kokaina-mendekotasuna tratatzeko aukera gisa BChE entzima ikertzen ari zirela, ustekabean konturatu ziren agresibitatea txikitzea eragiten duela. Kokainaren hidrolisia areagotzeko BChE entzima mutatu bat sartu zieten saguei, gene-transferentzia bidez. Batetik, baieztatu zuten kokaina-mendekotasunari aurre egiteko balio lezakeela, droga garunera iritsi baino lehen desegiten baitu. Baina, bestetik, konturatu ziren saguen arteko ohiko borrokak nabarmen gutxitzen zirela.
Hori ikusita BChE entzimak oldarkortasunean nola eragiten duen ikertzen hasi ziren, eta baieztatu dute entzima odolean areagotzen denean agresibitatea txikitu egiten dela, eta, alderantziz, entzima horren genea isilduta duten saguak oldarkorragoak direla.
Ikertzaileek argitu dute grelina hormonan dagoela gakoa. Grelinak, besteak beste, gosea, antsietatea eta estresa areagotzen ditu; eta hormona hori ere desegiten du BChE entzimak. Hain zuzen ere, ikertzaileek proposatu dute grelina desegitea izan litekeela entzimaren funtzio fisiologiko nagusia. Eta in vitro esperimentuekin baieztatu dute gizakien BChE entzimak ere desegiten duela grelina.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia