}

Nikolas Atxukarro: ezagutu, sendatzeko

2015/06/08 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

nikolas-atxukarro-ezagutu-sendatzeko
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Estatu Batuetako gobernutik gonbidapen bat iritsi zitzaion Alzheimerri. Washingtongo Eroetxe Federaleko Anatomia Patologikoaren departamentuko zuzendari izatea eskaini zioten. “Nik ezin dut joan —erantzun zuen Alzheimerrek—, baina gazte bat bidaliko dizuet, gaztea izan arren, nik adina balio duena”. Nikolas Atxukarro zen gazte hura, 28 urteko bilbotarra.

Hil ere gazte egin zen, baina haren izenak bizirik dirau neurozientzien ikerketarako euskal ikerketa-zentroan, Achucarro Basque Center for Neuroscience-en. “Ezagutu, sendatzeko” da zentroaren lema; eta, izan zitekeen Atxukarroren bizitzakoa.

Bidebarrieta kalean jaio zen, 1880ko ekainaren 14an, familia burges eta ilustratu batean. Oso gaztetatik izan zuen argi mediku izan nahi zuela. Bilboko Institutuan batxilergoa bukatu ondoren, hamabost urterekin, Alemaniara joan zen, unibertsitate-aurreko ikasketak egin eta alemana ondo ikastera.

Gero, Madrilgo Unibertsitatean hasi zen medikuntza ikasten. Han, besteak beste, Santiago Ramón y Cajal eta José Gómez Ocaña izan zituen irakasle. Eta karrerako bigarren urterako hasi zen Gómez Ocañaren laborategian lanean. Unibertsitateak, ordea, ez zuen guztiz asetzen Atxukarroren ikerketarako grina. Fakultateko liburutegian aldizkari alemanak irakurtzen zituenean, iruditzen zitzaion Espainiako unibertsitatearen maila zientifikoa eskasa zela. Karrerako bigarren urtea bukatu orduko, maletak egin eta Alemaniara joan zen berriz, anaiarekin batera.

Marburgeko Unibertsitatean hasi zen ikasten. Denbora gutxira, baina, Bilbora bueltatu behar izan zuten, anaia gaixotu zelako. Urtebetera eraman zuen tuberkulosiak. Kolpe latza izan zen Atxukarrorentzat. Hala ere, aurrera egin zuen ikasketekin. Madrilen medikuntzako hirugarren ikasturtea gainditzeko azterketetara aurkeztu eta gainditu zituen. Eta hurrengo ikasturteak ere bere kabuz prestatuta egin zituen.

Bitartean, Madrilgo Ospitale Nagusian aritu zen, Luis Simarro medikuaren laborategian. Han kide izan zuen Gonzalo Laforak honela zioen: “Berehala nabarmendu zen Atxukarro, bere ezagutza zabalagatik, eta bere argitasun eta sinpatiagatik (...) Behe-mailako animalien nerbio-sistemaren egitura ikertzen hasi zen, gero gizonaren egitura konplexuagoak aztertzeko… Aurki konturatu ginen han lan egiten genuenok Atxukarro etorkizun handiko gizona zela”.

Neguriko etxeko ganbaran laborategi bat osatu zuen, opor-garaian ere ikertzen jarraitu ahal izateko. Hala ere, lana ez zen dena. Unamunok zioen honela esan ziola behin Atxukarrok: “Dena ez da karrera eta izena egitea, eta dirua irabaztea; bizi egin behar da, gozatu, dibertitu…”. Pasioz biziz zuen bizitza, eta baita zientzia ere. Laforak zioenez, “dena zen poza eta optimismoa Atxukarrorengan, beti irribarretsu bizitzaren aurrean… Hori bai, sutu egiten zen zientziaren aurrerakuntzarekiko eszeptikoak zirenekin, eta, batez ere, iruzurtiekin edo zientziaren faltsutzaileekin”.

Karrera bukatu orduko, maletak egin zituen berriz, eta Europako laborategi puntakoenetara joan zen. Parisen, Alemanian eta Italian aritu zen eta, azkenik, Alemaniara joan zen berriz ere, Emil Kraepelinen klinikara, haren psikiatria berria ikastera. Han, hiru urtez aritu zen Alois Alzheimerren laborategian, amorruaren lesio neurologikoak ikertzen.

Alzheimerren dizipuluen artean nabarmendu zen Atxukarro, eta, Washingtongo Eroetxe Federaleko eskaintza etorri zenean, maisuak ez zuen zalantzarik izan bilbotar gaztea bidaltzeko.

Ez zen nolanahiko esperientzia izan Washingtongoa. sei mila gaixo inguruko ospitalea zen, eta ez zen baliabiderik falta. Lan asko argitaratu zituen garai hartan, eta glia ikertzen aitzindari izan zen: “neuroglia ez da sostengurako ehun bat soilik, baizik eta funtzio nutritibo eta metabolikoetan garrantzia handia duen elementu bat”, idatzi zuen.

Hala ere, faltan botatzen zuen etxea, eta, batez ere, Madrilen utzi zuen maitea, Lola Artajo. Bi urteren buruan bueltatu zen, bere postuan Lafora laguna utzita.

Madrilen, kosta egin zitzaion egonkortasun ekonomikoa lortzea. Madrilgo Ospitale Nagusirako plaza baterako oposaketetan kale egin, eta mediku pribatu gisa hasi zen. Ramón y Cajalek bere laborategian hartu zuen, baina soldatarik gabe. “Laborategiko eta ospitaleko gauza ofizialen arrakasta faltarekin atsekabetuta nago —idatzi zuen—, eta Cajalen laborategia uztea ere pentsatzen ari naiz, denbora kentzen baitit, eta ez baitut ezer ateratzen. Uste dut klinikako lana egiten hasiko naizela, eta inoiz nahikoa irabazten badut, bueltatuko naiz esperimentaziora; ilusio hori alde batera uztea kosta egiten zait”.

Pixkanaka, gainditu zituen arazo ekonomikoak. Eta, 1911an, Lolarekin ezkondu zen, familia kontra zuela (Lola lehengusua zuen, zaharragoa zen, eta gaixorik zegoen). Urte hartan bertan, Madrilgo Probintzia Ospitalean plaza atera zuen; eta hurrengo urtetik aurrera, bertako Nerbio Sistemaren Histopatologiako Laborategia zuzendu zuen.

Gliaren ikerketarekin jarraitu zuen, eta, hura ongi aztertu ahal izateko tindatze-teknika berri bat asmatu zuen: Atxukarroren teknika (taninoaren eta zilar amoniakalaren teknika). Gainera, nerbio-sistemaren patologia ikertu zuen gaixotasun infekziosoetan eta endekapenezkoetan, eta sistema sinpatikoaren eragina bizitza afektiboan eta patologiatan. Psikiatria modernoaren bidea ireki zuen Espainian.

Mediku bikaina izan zen. Ramón y Cajal berak ere, hari egin zion kontsulta buruko minekin hasi zenean. Honela zioen Cajalek: “Aztertu ninduen, eta neurtutako hitz eta eufemismo errukior batzuen ondotik, bota zuen epaia: ‘Ene laguna, zahartzaroko garuneko arterioesklerosia hasi da. Ez dago larritu beharrik! Hasieran gaude, eta dieta on batek eragotziko du gaitzaren aurrerabidea’”.

Argi zegoen etorkizun handia zuela Atxukarrok. Baina, gaixotasuna agertu zen, eta 1915ean lana utzi behar izan zuen. 1917an, gero eta ezinduago, Negurira bueltatu zen. Tuberkulosia zuela pentsatu zuen hasieran, baina, azkenean, Hodgkinen gaixotasuna diagnostikatu zion bere buruari. 1918ko apirilaren 23an hil zen, 37 urterekin.

“Neurologia eta psikiatriaz gain, gaixoarekin ahaidetsu eta ulerkor izan behar dela irakatsi zigun”, idatzi zuen, urte batzuk geroago, Atxukarrorekin lan egin zuen José M. Sacristánek. Izan ere, laborategia eta gaixoaren ohea oso gertu zeuden Atxukarrorentzat. Aurrerakuntza teknikoak lehenbailehen klinikan aplikatzea zen haren grina. Ezagutu, sendatzeko.

 

Bibliografia:

ACHUCARRO OUTREACH MANAGER (2012): “Nicolás Achucarroren bisitzako datu azkar batzuk”. Neurozientzian - Achucarro Basque Center for Neuroscience

ALONSO, J.R.: “Achúcarro”. Neurociencia - El blog de José Ramón Alonso.

ESTORNES, I: “Achúcarro y Lund, Nicolás”. Auñamendi Eusko Entziklopedia.

MARTINEZ-AZURMENDI, O. (2001) “Dr. Nicolás Achúcarro (1880-1918)”. Norte.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia