}

#NikEtxeanEsperimentuak: MAIATZEKO EGUTEGIA

2020/05/04 Elhuyar Zientzia

Neuronak eta irudimena astintzeko erronkaz betetako #NikEtxeanEsperimentuak egutegia argitaratu du Elhuyarrek maiatzean. Maiatzaren 4tik aurrera, astelehenetik ostegunera erronkak izango dira egunero, eta, ostiraletan, ikertzaile gazte batekin solasaldia; hori da Elhuyarrek #NikEtxeanEsperimentuak egutegiarekin proposatutako plana.
niketxeanesperimentuak-maiatzeko-egutegia

Elhuyarrek Bizilaberen webgunean maiatzerako egutegia prestatu du eta lau asteko zientzia- eta teknologia-erronkak proposatu ditu. Irudimena eta neuronak astinduko dituzte erronkek; “mezu sekretuak” enkriptatu eta desenkriptatu, hologramak sortu, barazkietan dauden margoak erauzi, motorrik gabeko hegazkinak eraiki, munduko bitxikeriak behatzeko proposamenak egin edo txorientzako jantokiak egitetik, txoriak identifikatzera edo naturan denbora errealean ikus ditzaten bideratuko dira, besteak beste, gazteak. Den-denak etxean dauden baliabideak erabiliz eta etxetik bertatik gauzatu daitezke.

Orokorrean 10-15 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak dira, baina familian zientzia- eta teknologia-jarduerak bultzatzeko asmoz, gurasoak haur txikiagoekin ere erronkak egitera gonbidatu nahi dira.

Ikertzaileekin solasaldiak, gazteak inspiratzeko

Maiatzeko egutegian, plan berezia proposatu da ostiraletarako. Izan ere, bizitza errealean zientziaren eta teknologiaren munduan lanean ari den ikertzaile batekin egingo da hitzordua, ikertzailea bera eta bere jarduna gertutik ezagutzeko, eta, profesionalak ezagutuz, gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna indartzeko. Hala, astero euskal ikertzaile baten sekretuak miatuko dituzte Elhuyarretik, haien gaur egungo proiektuen berri izateko, haien bizitzak gertuagotik ezagutzeko, une honetan egiten ari direna egitera iristeko bidearen inguruan ere galdetuko zaie eta, batez, ere, bizitako anekdota interesgarrienak ezagutu nahiko dituzte. Gazteentzako inspiratzaileak izan daitezkeen elkarrizketak dira, ikertzaile horien pasioa eta ezagutza transmititzeko asmoarekin. Hauek maiatzean elkarrizketatuko ditugun ikertzaileak:

  • Maitane Alonso Monasterio Zientzia Azokako parte-hartzaile izatetik, bere asmakuntzarekin munduan zehar dabilen gazte sodupearra; medikuntza-ikasle gaztearen bizitzaz jakin nahi dugu, eta hura elkarrizketatuko dugu lehenik. Ikerketa da bere pasioa, eta, orain bizi dugun egoerarako aholkua ere eskatuko diogu.
  • Naima El Bani Altuna. Artikoan azken urteetako aldaketa klimatikoa ikertzen dabilen geologo bilbotarrarekin arituko gara ondoren; azken urteetako klima-aldaketa aztertzen ari da, eta horrek gaur egun nola eragiten digun jakingo dugu. Ea zer esaten digun. 
  • Itziar Garate López. Urrunago joan, eta beste planetetako atmosferak ikertzen dituen astrofisikari zarauztarrarekin ere egongo gara.
  • Lorea Argarate Zubia. Telekomunikazio-ingeniaria, musikaria eta Big Dataren apasionatu bilbotarra ere izango dugu gurekin; zenbat datu ematen ditugu nahi barik telefono mugikorra erabiltzean? Gomendioak eskatuko dizkiogu hari ere.

Lauak irudikatu eta biltzeko esaldi bat: egiten dutenarekiko pasioa.

Esperimentatu eta partekatu! Egindako zientzia- eta teknologia-erronkak sare sozialetan zabaltzeko gonbitea luzatzen dizugu, #NikEtxeanEsperimentuak traola erabiliz.

Erronka eta elkarrizketetarako sarbidea hemen

Erronken maiatzeko egutegira joateko, hemen

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia