}

Mina zelulen barruan gordetzen denean

2017/06/05 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

mina-zelulen-barruan-gordetzen-denean
Arg. Aldan Jones / CC-BY-SA

Min kronikoa eta zorrotza tratatzeko garrantzitsua izan daiteke neuronen barrura iristea. Izan ere, nazioarteko ikertzaile-talde batek arratoiekin egindako esperimentu batzuetan ikusi berri duenez, neuronen azaleko minaren hartzaile batzuek zelularen barnealdera migratzen dute. Eta ohiko botikak ez dira gai horraino iristeko.

Lehendik ezagutzen zen NK1R izeneko hartzaileek lotura dutela min kronikoarekin eta min zorrotzarekin. NK1R hartzaileak aktibatzen direnean hantura eta mina eragiten dute. Orain arte, ordea, hartzaile horiek helburu zituzten botikekin ez da emaitza onik lortu. Orain, Science Translational Medicine aldizkarian argitaratu duten lanak erakutsi du hartzaile horiek aktibatzen direnean zelula-barruko endosometara pasatzen direla, eta han mina eta hantura eragiten jarraitzen dutela denbora luzez.

Horrez gain, hartzaile horiek blokeatzen dituzten konposatuei lipido bat erantsi diete, zelularen mintza zeharkatu ahal izan dezaten, eta ikusi dute horrela mina kentzea lortzen dela. Hala, ikertzaileek iradoki dute litekeena dela dagoeneko existitzen diren botika askoren eraginkortasuna hobetu ahal izatea modu horretan eraldatuta

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia