}

Metal ez-magnetikoak magnetiko bihurtu dituzte

2015/08/06 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

metal-ez-magnetikoak-magnetiko-bihurtzea-lortu-dut
Kobrea ez da magnetikoa, berez, baina, molekula organikoekin konbinatuz lortu dute izatea. - Arg. wichientep/DollarPhotoClub

Berez magnetikoak ez diren metalak magnetiko bihur daitezkeela erakutsi dute Leeds Unibertsitateko ikertzaileek, gaur Naturen argitaratu duten lanean. Kobrea eta manganesoa magnetiko izatea lortu dute, molekula organikoekin konbinatuz. Magnetismoa ahula da, eta egun gutxi batzuk baino ez du irauten, baina ikertzaileek uste dute material magnetiko berriak lortzeko bide bat irekitzen duela lorpen honek.

Metal bat magnetikoa izan edo ez, atomoan elektroiek duten banaketaren eta haien arteko elkarrekintzen araberakoa da. Hain zuzen ere ezaugarri horiek aldatzea lortu dute Leedseko ikertzaileek, kobrean eta manganesoan. Metal horien film meheak 60 karbono-atomozko molekulekin konbinatu dituzte. Karbono-molekula horiek metalen elektroiak harrapatzen dituzte, eta ikusi dute metal eta molekula organikoen arteko elektroi-mugimendu horrek kobrea eta manganesoa magnetiko izatea eragiten duela.

Ikertzaileek aitortu dute orain lan egiten jarraitu beharko dela, magnetismo indartsuagoa eta iraunkorragoa lortzeko. Eta itxaropena dute lortu ahal izango dela hori, konposatu eta egitura desberdinak probatuz, adibidez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia