}

Materia ilunaren banaketa-mapa bat argitaratu dute

2015/04/16 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

materia-ilunaren-banaketa-mapa-bat-argitaratu-dute
Materia ilunaren banaketa-mapa. Koloreek masa-dentsitatea adierazten dute: gorriz eta horiz, dentsitate handiagoko eremuak. Puntu grisak, berriz, galaxien clusterrak dira: puntu handiagoa, cluster handiagoa. Proiektuak helburu duen zeru-eremuaren % 3 jaso dute lehenengo mapa honetan. Arg. Dark Energy Survey

Unibertsoan materia iluna non dagoen pilatuta eta non ez zehazten duen mapa bat eman berri du ezagutzera Energia Ilunaren Neurketa proiektuak (Dark Energy Survey). Banaketa-mapa osatzeko, kamera digital superzehatz bat (570 megapixelekoa) baliatu dute ikertzaileek. Izan ere, materia iluna ikusezina bada ere zuzenean, astronomoak gai dira hari antzemateko, haren grabitateak urruneko galaxien argia desbideratzen baitu; lente grabitatorio deritzo fenomeno horri. “Bi bat milioi galaxien irudietan distortsio ñimiñoak neurtu ditugu mapa hau sortzeko”, esan du ikerketaren arduradun Vimu Vikram ikertzaileak.

Ikertzaileen esanean, jasotako informazioa bat dator materia ilunaz orain arte egindako iragarpenekin. Hipotesi horien arabera, eskala handiko egitura kosmikoen eragile nagusietako bat da materia iluna; bada, mapak erakusten du materia ilunaren dentsitate handiko eremuak lerrokatuta daudela galaxiekin eta galaxia-clusterrekin.

Materia ilunaren banaketa-mapak osatuta, energia ilunak zer rol duen neurtzea da proiektuaren azken helburua, eta hortik izena. Unibertsoaren hedakuntza azeleratua esplikatzeko proposatu da energia-mota hori, baina erabat ezezaguna da oraindik.

Nazioarteko hainbat erakundek hartzen du parte Energia Ilunaren Neurketa proiektuan, eta Txileko Behatoki Intermarikanoan dago kamera, Cerro Tololon. Mapa, lehen emaitza, American Physical Society-ren urteko biltzarrean aurkeztu dute. Momentuz, 2018ra arte arakatu nahi duten unibertsoko eremuaren % 3 baino ez du jasotzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia