Lucy zuhaitz batetik erorita hil zela ondorioztatu dute
2016/08/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lucyren hezur fosilak aurkitu zituztenetik 42 urte igaro badira ere, arkeologoek jarraitzen dute gure arbaso ezagunenetakoari buruzko datu berriak azaleratzen.
Oraingoan, bereizmen handiko tomografia konputerizatuak eman die aukera jakiteko Lucy garaiera handitik erorita hil zela; zuhaitz batetik, seguru asko. Ikertzaileen arabera, horrek indartu egiten du bere espeziea (Australopithecus afarensis), bipedoa izan arren, zuhaitzetan ere ibiltzen zela dioen hipotesia.
Giza arbasoen fosilen artean, Lucyren hezurdura da zaharrenetakoa (3,18 milioi urte) eta osoenetakoa (hezurdura osoaren % 40). Lucy nola hil zen jakin nahian, Texasko eta Addis Ababako Unibertsitateetako ikertzaileek hezur horiek aztertu dituzte, bai zuzenean bai tomografia konputerizatuaren bidez lortutako irudiak.
Teknika horrek hezurren egitura xehetasun guztiekin hiru dimentsiotan ikusteko aukera ematen du, hezurrei inolako kalterik egin gabe. Hala, ohartu dira dituzten hausturak ez zirela hil ondoren gertatu, baizik eta bizirik edo hil-hurren zegoela. Are gehiago, garaiera handitik erori eta kolpe handia hartuta hautsi zirela ondorioztatu dute.
Hezurren hausturetan oinarrituta
Ikertzaileen arabera, hori ondoren erakusten duen hezurretako bat eskuineko humeroa da. Hain zuzen, eroriko bat izan, lurra jo, eta gorputza babesteko besoak luzatu eta eskuak lurrean jarritakoan hezurrak jasaten duen konpresioagatik hautsi zela ikusi dute. Hipotesi horrekin bat datoz eskuineko eskapulak eta beste hezur batzuek eta artikulazioek dituzten hausturak.
Ezker aldeko hezurrek ere pairatu zuten erorikoaren kolpea, baina neurri apalagoan; ikertzaileen ustez, horrek adieraziko luke eskuin aldera erori zela. Besteak beste, pelbisean, bizkarrezurrean, lepoan, garezurrean eta matrailezurrean ere ikusi dituzte erorikoaren aztarnak. Gainera, hezurrak hautsi ziren bezala fosildu zirela frogatu dute, alegia, Lucy ez zen osatu, erorikoaren ondorioz hil zen.
Lucy zer garaieratik eta abiadurarekin erori zen ere kalkulatu dute ikertzaileek. Metro bat luze zela eta 27 kg pisatzen zituela aintzat hartuta, kalkulatu dute 12 metrotik erori zela, eta 60 km orduko abiaduran jo zuela lurra. Are gehiago: Australopithecus afarensis espeziearen habitatean eta bizimoduan oinarrituta, uste dute zuhaitz batetik eroriko zela.
Izan ere, ikerketaren zuzendari John Kappelmanek uste du Lucy eta haren kideak lurtarrak bezain zuhaiztarrak zirela, baina bipedo izateak zuhaitzetan ibiltzeko trebezia galarazten ziela, neurri batean. Horrenbestez, espezie zuhaiztarrek baino arrisku handiagoa izango zuten erortzeko, ziurrenik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia