}

Litioaren jatorri leherkorra

2015/03/02 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

litioaren-jatorri-leherkorra
Nova klasiko baten irudikapena. Leherketa nano zuriaren gainazalean gertatzen da (irudiaren erdialdean eskuinean); Eguzkiaren pareko edo eboluzioaren fase aurreratuago batean dagoen izar bat du bidaide (irudiaren erdialdean ezkerrean). Arg. Japoniako Behatoki Astronomikoa

Unibertsoko litioak hainbat jatorri ditu: zati bat Big Bangean bertan sortu zen, eta beste bat izpi kosmikoek eragindako erreakzio nuklearretan. Alabaina, Esne Bidean elementu horrek zer ugaritasun duen ikusita, astronomoek beste bi litio-iturri postulatu dituzte: erraldoi gorriak, eta novak (nano zurien leherketak). Lehenengoetan behatu dute litioa; bigarrengoetan, berriz, orain arte ez da posible izan.

Japoniako Behatoki Astronomikoko astronomoek egin dute behaketa, eta Nature aldizkarian eman dute horren berri. Zehazki, berilio erradioaktiboaren seinalea detektatu dute V339 izeneko novan, leherketa gertatu eta 38-48 egunen artean. Elementu horren desintegrazioan sortzen da litioa, litio-7ren nukleoa, zehazki. Ikerketaren emaitzek aditzera eman dute orain arte uste zen baina zeresan handiagoa izan dezaketela novek litioaren sorreran.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia