Koronabirusa hondakin-uretan
2020/04/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Droga ilegalen kontsumoa neurtzeko eta joerak ezagutzeko erabiltzen diren metodoen artean, hondakin-uretan haien edo haien metabolitoen kontzentrazioak neurtzea da bat. Adibidez, horri esker baieztatu dute Europan, 2011tik 2017ra, kokaina kontsumoa nabarmen hazi dela, eta hori bera dela Europako hegoaldeko eta mendebaldeko droga nagusia.
Droga ilegalak ez ezik, beste substantzia batzuen arrastoak ere bila eta aurki daitezke ur beltzetan, esaterako, alkohola, botika psikoaktiboak, antibiotikoak, zuntza, bitaminak... Australian, zenbait eskualdetako ur beltzen hoditerian 42 adierazle biologiko neurtuta, eskualde batetik bestera herritarren maila sozioekonomikoan zeuden aldeak ondorioztatzera iritsi ziren.
Bada, substantzia horiek bezala, birusak ere hauteman daitezke hondakin-uretan. AEBetan, esaterako, urtetan erabili dute metodo hori poliomielitisaren aurkako txertaketen arrakasta neurtzeko. Orain, SARS-CoV-2 birusaren hedapenari jarraipena egiteko probatzen ari dira, AEBetan, Herbehereetan eta Suedian, besteak beste.
Zehazki, birusaren material genetikoa, RNA, detektatzen dute. Herbehereetako KWR Ur Ikerketarako Institutukoek Nature aldizkarian azaldu dutenez, koronabirusa uretan hautematea oso baliagarria da izurriaren detekzio goiztiarra egiteko: populazio jakin batean, koronabirusagatik osasun sisteman inor artatu gabe ere, uretan koronabirusaren RNA agertzen bada, esan nahi du izurria dagoeneko iritsi dela populazio horretara. Horrek aukera ematen du neurriak lehenbailehen hartzeko.
Ikertzaile guztiek, dena den, ez dute begi onez ikusten koronabirusa ur beltzetan detektatzea. Izan ere, horretarako erabiltzen diren erreaktibo berak erabiltzen dira baita pertsonak diagnostikatzeko ere. Eta, baliabideen eskasia dagoenez, uste dute pertsonen diagnostikoak lehentasuna duela, eta horretara bideratu beharko liratekeela baliabide guztiak.
Suitzako Teknologia Institutukoek, aldiz, hondakin-urei jarraipena egitea izurriaren hedapena moteltzeko eta kolpea leuntzeko baliagarria dela iritzi diote. Horrek, bide batez, baliabideak aurreztea ekarriko luke. Eta gakoa denbora da: pertsona bat infektatu eta hiru egunetara, birusa detekta daiteke bere gorotzetan. Sintomak garatu eta ospitalera joan behar izateko bezain larriak izaterako, bi aste ere igaro daitezke. Hala, garbi dute: birusa hondakin-uretan detektatzeak denbora irabaztea dakar.
Pandemiaren fase honetan ez ezik, konfinamendua bukatu eta berriro nonbait hedatzen hasi ote den hautemateko ere eraginkorra dela adierazi dute ikertzaile suitzarrek. Kontuan izanda SASR-CoV-2 birusa erraz transmititzen dela, pertsona askotan ez duela sintomarik eragiten, eta, gaixotzen direnetan, sintoma larriak agertzerako egun asko igarotzen direla, bistan da detekzio goiztiarreko sistemak ezarri beharko direla. Behar bada, hondakin-urena izango da haietako bat.
Horretarako, analisirako tresna merkeak eta erabilerrazak izatea komeni da, eta horrelakoa da, nonbait, Txinako Zientzien Akademian garatu dutena. Environmental Science & Technology aldizkarian aurkeztu dute, eta paperezko test bat da. Haurdunaldiko testetan bezala, paper zati horretan egiten dira birusaren RNA detektatzeko pauso guztiak (erauztea, aberastea, purifikatzea, elusioa, anplifikazioa eta ikusizko hautematea), eta erabili ondoren erre daiteke, kutsadura saihesteko. Sistema beste gaixotasun batzuen eragileak detektatzeko ere eraginkorra dela adierazi dute: zika, malaria, hiesa, listeriosia...