Kolesterol-maila jaisten duen txerto bat probatuko dute pertsonetan
2017/06/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Odoleko kolesterol-maila jaitsi, eta, ondorioz, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua apaltzen duen txerto bat aurkeztu du Europako Kardiologia Elkarteak. Saguetan egindako esperimentuetan, frogatu dute txertoa eraginkorra eta segurua dela, eta, orain, pertsonekin lehen faseko probak hastekotan dira.
LDL kolesterol-maila altua duten pertsonei zuzenduta dago txertoa. Hain zuzen ere, kolesterol "txarra" deitzen zaio horri, odol-hodiak buxatzen baititu. Gaur egun, estatinak erabiltzen dira LDL kolesterol-maila kontrolatzeko, baina, eraginkorrak izateko, egunero hartu behar dira, eta pertsona batzuetan albo-ondorioak sortzen dituzte.
Eragozpen horiek gainditzeko, denbora-tarte luzean eragiten duen txerto bat garatu dute. AT04A du izena, eta PCSK9 entzimaren aurkako antigorputzak sorrarazten ditu. Entzima hori gibelean ekoizten da eta LDL kolesterolaren errezeptoreetara lotzen da. Hala, LDL kolesterola errezeptoretara lotzea eta odol-zirkulaziotik kentzea eragozten du entzimak.
Koipe askorekin elikatutako sagu gizoenei txertoa emanda, berriz, frogatu dute kolesterol-maila % 53 jaisten dela, arterietan kaltea % 64 apaltzen dela, eta hanturarekin erlazionatutako odoleko adierazleak % 21-28 murrizten direla, sagu kontrolekin alderatuta. Eraginak, gainera, epe luzean irauten du.
Ikertzaileek argitu dute AT04A ez dela ohiko txerto bat. Izan ere, txertoek immunologia-sisteman eragiten dute, patogeno baten aurka erantzun dezan. Kasu honetan, gorputzak berak sortzen duen entzima baten aurkako erantzuna pizten du. Dena dela, emaitzak onak dira, eta, orain, gizakietan probatzen hasteko asmoa dute. Helburua da, urtean behingo injekzio batekin, odoleko kolesterol-maila kontrolpean izatea eta, horrenbestez, gaixotasun kardiobaskularrei aurre hartzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia