Izotzezko mendi garaiak Plutonen
2015/07/16 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
3.500 metroko mendiak ikusten dira NASAk zabaldu duen Plutonen azken irudian. Eta Karonen irudi berri bat, eta Hidraren beste bat ere bidali ditu New Horizonsek.
Plutonen ekuatore-aldean, “bihotzaren” ondoan, daude argazkian ikusten diren mendiak. Ur-izotzez osatuak egon litezkeela uste dute. Izan ere Plutonen gainazalean metano- eta nitrogeno-izotz asko dagoen arren, horiek ez dira mendiak osatzeko bezain gogorrak. Ur-izotza, berriz, Plutongo tenperaturan, harriaren modukoa da.
Mendiek 100 milioi urte baino gehiago ez dituztela kalkulatu dute. Ez da asko, 4.500 milioi urte dituen eguzki-sistema batean. “Eguzki-sisteman inoiz ikusi dugun azalik gazteenetako bat da” dio Jeff Moore New Horizons misioko Geologia, Geofisika eta Irudi Taldeko kideak. Gainera, horrek esan nahi du geologikoki aktiboa izan litekeela oraindik Pluton. Dena den, ez dute oso argi zerk eragin lezakeen jarduera geologiko hori.
Eta badirudi Karonek ere baduela jarduera geologikoa. Azken irudian 7-8 kilometroko sakonerako arroila ikusten da (ilargiaren goi-eskuineko ertzean). Horrez gain, ikertzaileak harrituta gelditu dira oso krater gutxi daudelako, eta daudenek oso gazteak dirudite.
Bestalde, Hidraren irudi bat ere bidali du New Horizonsek, eta argitu du forma irregularra duela, eta 43 x 33 kilometroko neurria. Seguruenik ur-izotzez estalia dagoela ere antzeman dute ikertzaileek. Irudi berriak iristean gehiago jakitea espero dute.
Zalantzarik gabe, azken egunotan inoiz baino informazio gehiago jaso dugu Plutoni eta haren sistemari buruz, eta datozen hilabeteetan are eta xeheago joango gara ezagutzen, misioaren lan-taldeak zundak bildutako informazioa jaso eta aztertu ahala. Momentuz amaitzeko, hona Plutonen bista nola argitu den, NASAren eskutik:
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia