Homo generoa baino lehenagoko harrizko tresnak aurkitu dituzte
2015/05/21 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Inoizko harrizko tresnarik zaharrenak aurkitu dituzte Kenian. 3,3 milioi urte dituzte, orain arte ezagutzen zirenak baino 700.000 urte gehiago. Zein espeziek eginak diren ez dakiten arren, aurkikuntza honek erakusten du homininoak uste baino askoz lehenago hasi zirela tresnak egiten, lehen Homoak agertu baino lehen, hasi ere.
Orain arte Homo generoaren agerpenarekin lotzen ziren harrizko tresnak. Gonan (Etiopia) aurkitutako 2,6 milioi urteko tresnak ziren ezagutzen ziren zaharrenak. Homo habilisen hondarren ondoan aurkitu ziren haiek, eta kultura olduvaitarrari dagozkio. Gero, 2010ean Dikikan (Etiopian) aurkitutako 3,4 milioiko animalia-hezur batzuek zituzten markek eztabaida eragin zuten. Aztertu zituztenek ondorioztatu zuten marka haiek harrizko tresna zorrotzen batek eragindakoak zirela, eta, ume australopiteko baten hondarretatik gertu agertu zirenez, iradoki zuten australopitekoek ere tresnak egiten zituztela. Orain arte, ordea, ez da halako tresnarik aurkitu.
Orain, Naturen argitaratu dutenez, 3,3 milioi urteko 150 pieza inguru aurkitu dituzte Kenian, Turkana lakutik gertu dagoen Lomekwi 3 aztarnategian. Ez dakite zein espeziek eginak izan daitezkeen tresna horiek, baina inguru horretan ezagutzen den garai hartako espezie bakarra, 1998an aurkitutako Kenyantrhropus platyops da.
Ingudeak, mailuak, landutako harkoskoak eta ertz zorrotzak lortzeko tresnak aurkitu dituzte. Tresna olduvaitarrak baino primitiboagoak dira, baina ikertzaileek diotenez, tresna horiek egin zituztenek ere heltzeko eta manipulatzeko gaitasun handia zuten. Tresnek dituzten formek eta markek erakusten dute kemenez erabili zirela gauzak kolpatzeko eta xafla zorrotzak lortzeko. Dena den, ikertzaileek iradoki dute ekintza horietarako behar zituzten gaitasun motoreak gertuago egon litezkeela egun primateek intxaurrak txikitzeko erabiltzen dituztenetatik, kultura olduvaitarreko tresnak egiteko erabilitakoetatik baino.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia