Hesteetako bakterioek serotonina sortzen laguntzen dute
2015/04/14 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hesteetako bakterioek serotonina ekoizten laguntzen dutela ondorioztatu dute Caltech Kaliforniako Teknologia Institutuko ikertzaile batzuek. Saguetan ikusi dute nola bakterio jakin batzuek hesteetako zelulek serotonina gehiago ekoiztea eragiten duten. Cellen argitaratu dute lana.
Gero eta ikerketa gehiago argi uzten ari da elkarreragin handia dagoela hesteetako bakterioen eta gure gorputzaren artean. Caltecheko ikertzaile-talde bat aztertzen ari da nola komunikatzen diren bakterioak gure nerbio-sistemarekin, eta jakin nahi izan dute ea hesteetako ohiko bakterioek nolabait eragiten ote duten ostalariaren neurotransmisoreetan. Zehazki, serotoninarekin zer gertatzen den ikertu dute. Hainbat funtzio garrantzitsu ditu serotonina neurotransmisoreak, eta gorputzeko serotoninaren % 90 hesteetan sortzen da.
Hesteetan bakteriorik ez duten saguak sagu normalekin konparatu zituztenean, ikusi zuten bakteriorik gabekoek % 60 serotonina gutxiago zutela. Eta bakteriorik gabeko sagu horiei bakterio-populazio normalak sartutakoan, serotonina-maila normalera igo zitzaien. Gero, bakterio desberdinen eragina aztertu zuten, eta ondorioztatu zuten 20 espezieko multzo bat dela serotoninaren ekoizpenean eragiten duena.
Bakterioen eta zelula serotonina-ekoizleen arteko elkarreragin horretan gako izan litezkeen molekulak ere aztertu zituzten. Lehenengo, honakoa ikusi zuten zelula-kulturatan: aipatutako bakterioek sortutako hainbat metabolitok zelulek serotonina gehiago ekoiztea eragiten dutela. Metabolito horiek bakteriorik gabeko saguetan sartu zituztenean, haien serotonina-mailak ere gora egin zuen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia