Gizakien lehen arbasoak ez ziren Afrikan sortu, Europan baizik
2017/05/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Txinpantzeak dira gizakion ahaide gertukoenak. Bien adarra duela 5-7 milioi urte banatu zirela uste izan dute orain arte, eta horretan zerikusi handia izan zuela Afrikaren ekialdean gertatu zen klima-aldaketak. Hipotesi onartuaren arabera, basotik sabanara igarotzeak bultzatu zuen homininoen eboluzioa.
Alabaina, orain nazioarteko ikerketa-talde handi batek egindako azterketak zalantzan jarri ditu hipotesi horiek. PLOS ONE aldizkarian eman dute emaitzen berri, bi artikulutan. Lehen artikuluan, Graecopithecus freybergi homininoaren bi aztarnaren azterketa argitaratu dute: Grezian topatutako beheko masailezurraren zati bat eta Bulgarian topatutako goiko eta aurreko hagin bat. Tomografia konputerizatuaren bitartez, frogatu dute haginaren sustraiek elkartzera jotzen dutela eta partzialki fusionatuta daudela.
Ezaugarri hori homininoen berariazkotzat jotzen da; halakoxeak dira, adibidez, Ardipithecus eta Australopithecus generoetakoenak ere. Eta, orain arte, horrelako haginak zituzten fosil zaharrenak Afrikan aurkitu dira. Hauek, ordea, Europan topatu dira, eta are zaharragoak dira, gainera: 7,2 milioi urte inguru dutela kalkulatu dute
North Side Story
Beste artikuluan Graecopithecus freybergi hominino haiek bizi ziren garaiko klima eta ingurunearen berri ematen dute. Ikertzaileek arabera, eta topatu dituzten fitolitoetan oinarrituta, Afrikaren iparraldean basamortua sortzearekin batera, Europan sabana sortu zen.
Hipotesi horrek, gainera, bat egiten du topatu diren animalien fosilekin: gazelak, antilopeak, jirafak eta errinozeroak. Haien iritziz, ingurune horrek bultzatu zuen gizakien eta txinpantzeen arteko banaketa. Izena ere jarri diote hipotesiari: North Side Story (iparraldeko istorioa); hain zuzen, East Side Story deitzen diote gizakia Afrikako ekialdean sortu zela dioen hipotesiari.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia