Garuna zahartu ahala tolestura aldatzen da
2016/10/25 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ugaztunon ezaugarria da garunazal handia izatea, eta tolesturei esker lortzen da garunazal handi hori espazio txiki batean sartzea. Hori bai, espezie batetik bestera tamaina eta funtzioak asko aldatzen diren arren, ugaztun guztion garunazalak arau unibertsal batzuren arabera tolesten dira. Ikerketa berri batek espezie barruko desberdintasunak ikertu ditu orain, eta tolesturak adinarekin aldatzen direla ikusi dute.
Izan ere, zahartzearen lehenengo kanpo-adierazlea larruazala da, irmotasuna eta elastizitatea galtzen duelako. Baina garunazalari ere antzeko zerbait gertatzen zaio: zahartzen goazen heinean tentsioa murrizten da eta garunazalaren tolesturan igartzen da.
Orain arte ezin izan dira neurtu modu zehatz batean tolestura horiek. Baina oraingoan, 1.000 pertsonen garuneko tolesturak aztertuta, argi ikusi dute garunazaleko tentsioa dela tolestura baldintzatzen duen parametro garrantzitsuetako bat, garunazalaren indar mekanikoetan aldaketa dakarrelako.
Garunazalaren morfologia osasunean eta gaixotasunean nola aldatzen den ere ikertu nahi izan dute, eta agerian geratu da alzheimer gaitza duten pazienteei lehenago egin diela behera tentsioak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia