Fracking-ean injektatutako likidoek aldizkako lurrikarak eragin ditzakete
2016/11/18 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Fracking edo haustura hidraulikoan injektatzen diren likidoek aldizkako lurrikarak eragin ditzakete, hilabeteetan. Ondorio horretara iritsi dira Kanadako mendebaldean egin duten ikerketa batean. Fracking-aren eta lurrikaren arteko lotura hobeto ulertzeko gakoak eman ditu lan horrek. Science aldizkarian argitaratu dute.
Kanadako ikertzaileek 2014ko abendua eta 2015eko martxoa bitartean gertatu ziren seismoak aztertu dituzte. Sei fracking-puntutako jarduerak eragindako seismoak izan ziren, eta azkena eta handiena haustura hidraulikoa amaitu eta bi astetara gertatu zen. Injektatutako likidotik ohikoa baino gutxiago berreskuratu zuten fracking-saio horietan. Likido hori, beraz, lurpean gelditu zen, eta horrek lurpeko presioa handitzen du. Ikertzaileen ustez presio horrek faila-zonatara migratzen duenean aldizkako lurrikarak eragin ditzake. Eta ondorioztatu dute modu horretan sortutako seismoak izateko arriskua hainbat hilabetetara luza daitekeela.
Kanadako horiez gain, oraingoz ez da ezagutzen haustura hidraulikoak modu horretan eragindako beste lurrikararik. Izan ere, AEBko erdialdean izandakoak ez dira zuzenean haustura hidraulikoak eragindakoak izan, hondakin-urek eragindakoak baizik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia