}

Erreka idorrek CO2-aren igorpen globala handitzen dute

2018/05/21 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

erreka-idorrek-co2-aren-igorpen-globalean-eragiten
Bardeetako erreka idorra. Arg. Daniel von Schiller

Orbelaren deskonposaketa oinarrizkoa da karbonoaren ziklo globalean, baina, duela urte gutxi arte, ez zen kontuan hartzen errekek prozesu horretan zuten eragina. Lurreko eta itsasoko ekosistemetan bakarrik oinarritzen ziren kalkuluak. Azken hamar urtetako ikerketek, ordea, frogatu dute errekak erreaktore biogeokimiko handiak direla eta karbono asko isurtzen dutela atmosferara. Nazioarteko ikerketa bat urrats bat harago joan da oraingoan: erreken artean, aldizkako errekak edo erreka idorrak deitzen diren horietan jarri du arreta. Izan ere, orain arte zeharo gutxietsi badira ere, aldizka lehortzen diren errekek atmosferara uste baino CO2-ekarpen handiagoa egiten dutela kalkulatu dute.

Bat-bateko erreaktore biogeokimikoak

Zaila da erreka lehorretara ura noiz itzuliko den zehaztasunez jakitea, hortaz, mundu osoko ehunka erreketan pilatutako materia organikoa jaso eta laborategian egin dituzte simulazioak. Argazkian, von Schiller Arantzazun aldizka lehortzen den erreka batean laginak biltzen. Arg. Daniel von Schiller

Erreka bat lehortzen denean, bazterretako orbela eta egurra errekaren ibilgu lehorrean pilatzen joaten dira. Aktibitate biologiko eskasa dago baldintza lehor horietan. “Ura itzultzen den momentuan, ordea, pilatutako materia organiko hori guztia berriz busti eta erreaktore biogeokimiko bortitza bihurtzen da erreka, inoiz baino gehiago” –adierazi du Daniel von Schiller EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikertzaile eta “1.000 aldizkako erreka” proiektuko diseinatzaileetako batek. “Ordura arte errekan latente zeuden komunitate biologiko asko berraktibatu egiten dira, batez ere bakterioak, baina baita onddoak ere. Aktibitate biologiko eta arnasketa-tasa oso handiak hautematen dira bat-batean, atmosferara CO2-kantitate handia isurtzen dutenak”.

Aldizkako errekek karbonoaren zikloan duten eragina kuantifikatzen duen lehenengo ikerketa izan da hau. 22 herrialdetako eta hainbat eremu klimatikoetako 212 erreka idor aztertu dituzte, ia 100 ikertzaileren artean. Emaitza, Nature Geoscience aldizkarian argitaratu dute: aldizkako erreketara ura itzuli eta orbela bustitzean gertatzen diren CO2-pultsu ikaragarri horiek kontuan hartzen badira, eguneko CO2-igorpena % 10 handitzen da. “Izan ere –gaineratu du von Schillerrek–, erreka idorrek munduko erreken azaleraren ia erdia hartzen dute”.

Euskal Herriko erreka idorrak

Euskal Herrian ere, aldizkako errekak pentsatzen duguna baino askoz arruntagoak direla dio Arturo Elosegi EHUko Landare Biologia eta Ekologiako katedradun eta proiektuko ikertzaileak: “Leku hezeenetan ere, erreka idorrak egon badira. Lan honetan Euskal Herriko bi muturrak ikertu ditugu –Bardeak eta Arantzazu–, eta bai batean, bai bestean, errekastoak lehortu egiten dira tarteka”.

Klima-aldaketak erreketan duen eragina aipatu du Elosegik: “Klima-aldaketaren eredu guztiek esaten dute klima muturrekoagoa bihurtzen ari dela, bipolarra: euri-jasa gogorragoak eta lehorte luzeagoak izango ditugula. Horrek dakarrena da erreka gehiago lehortzea, eta, gainera, maizago lehortzea”.

Von Schiller eta Elosegi Arg. EHU

Bestetik, uraren giza ustiaketaren ondorioak nabarmendu ditu: “Leku askotan ura kentzen diogu ibaiei: alde mediterranearrean erregadioen bidez, eta alde atlantikoan aprobetxamendu elektrikoak ditugulako. Horien eraginez, erreken emaria murriztu egiten da, batzuetan errekak guztiz lehortzeraino, legez kanpokoa bada ere. Emaria murriztean, sedimentu asko pilatzen dira eta, neurri batean, erreka idorrek bezala funtzionatzen dute”.

Giza jardueren ondorioz aldizkako errekak gero eta arruntagoak izango direla ikusita, eta CO2-aren igorpenean duten eragina jakinda, haien karbono-ekarpena aintzat hartzeko deia egiten du aipatutako ikerketak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia