Homo generoak uste baino sustrai sakonagoak ditu
2015/03/04 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Afar eskualdeko Ledi-Geraru ikerketa-eremuan 2013an aurkitu zuten LD 350-1 fosila, barailezur-zati bat bost hortzekin, inoiz aurkitu den Homo zaharrenaren arrastoa da, gaur Science aldizkariaren online-bertsioan argitaratu den lan baten arabera. Australopitekoen eta Homoen arteko ezaugarriak ditu. Australopithecus afarensisen (Lucy) antzeko kokots primitiboa du. Hortzek, ordea, Homoetatik gertuago dagoela erakusten dute.
Orain arte Homo generoko arrasto zaharrena duela 2,3- 2,4 milioi urtekoa zen. Eta aurkeztu berri den fosilak baino 200.000 urte soilik gehiago ditu handik nahiko gertu (Hadar, Etiopia) aurkitutako Lucy-k. “Konfiantza osoa dugu LD 350-1en adinean —dio Penn State unibertsitateko Erin N. Dimaggio ikertzaileak—; hainbat metodo erabili ditugu eta denek diote fosila 2,8 eta 2,75 milioi artean dagoela”.
Sciencen bertan argitaratu duten bigarren artikulu batean, berriz, hura bizi izan zen ingurua nolakoa zen azaldu dute, Ledi-Geraruko beste fosil batzuk aztertuz. Garai bereko antilopeak, hipopotamoak, elefanteak eta krokodiloak aurkitu dituzte, eta batez ere belarra eta zuhaixka txikiak zeudela ondorioztatu dute, baita lakuren bat ere. Edonola ere Lucyren bizilekua baino irekiagoa eta lehorragoa omen zen.
Homo habilisen berrazterketa
Aldi berean Naturen argitaratu den beste ikerketa batean OH 7 izeneko 1,7 milioi urteko fosila berraztertu dute. Tanzaniako Olduvai arroilan aurkitutako fosil horretan oinarrituta aurkeztu zuen Louis Leakey-k Homo habilis espeziea, duela 60 urte. Banako baten behe-baraila, garezur-zati batzuk, eta eskuko hezurrak dira OH 7, baina baraila nahiko hondatuta eta garezurra oso zatituta daude. Horregatik, orain arte ezinezkoa izan da beste fosil batzuekin konparatzea. Orain, ordea, Max Planck Institutuko eta College London Unibertsitateko ikertzaileek ordenagailu bidezko tomografia eta 3Dko irudi-teknika aurreratuak erabiliz berregin dute fosila, eta, horri esker, gai izan dira orain arte egin ezin ziren konparaketak egiteko.
Hala, ikusi dute OH 7ren baraila nahiko primitiboa dela, Homo erectusena baino Australopithecus afarensisen antzekoagoa. Garezurra, berriz, modernoagoa da, eta aurrez uste baino garun handiago zuela iradokitzen du; H. erectusen antzekoa.
Ikertzaileen ustez, barailetan dauden desberdintasunetan oinarrituta esan liteke 2,1 eta 1,6 milioi urte artean hiru Homo espezie izan zirela: H. habilis, H. erectus eta H. rudolfensis. Bestetik, H. habilisen, eta, beraz, Homo generoaren, jatorriaren inguruko ondorio berriak atera dituzte. Orain arte, jotzen zen H. habilisen arbasoa Etiopian aurkitutako 2,3 milioi urteko AL 666-1 fosila izan zitekeela. Baina, orain ikusi dutenez, fosil haren ezaugarriak modernoegiak dira horretarako. Aitzitik, proposatu dute AL 666-1 eta OH 7 duela 2,3 milioi urte baino lehenago banatu ziren bi lerro ebolutiboren ordezkariak izan litezkeela.
Hain zuzen ere, gaur Sciencen ezagutarazi duten LD 350-1 izan liteke haien arbasoa. Izan ere, hark bai, ezaugarri aproposak ditu H. habilisen eta beste Homo goiztiarren arbasoa izateko. “Behin digitalki aztertuta H. habilis benetan nolakoa zen, ondorioztatu genezake haren arbasoa nolakoa izan zitekeen —dio Fred Spoor College London Unibertsitateko eta Max Planck Institutuko ikertzaileak—; baina ez zen halako fosilik ezagutzen orain arte. Orain, hala eskatu izan bagenu bezala, Ledi-Geraruko baraila agertu da, eta iradokitzen du lotura ebolutibo bat egon litekeela A. afarensisen eta H. habilisen artean”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia