}

CRISPR GIBari aurre egiteko

2016/12/21 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

crispr-bidez-gibaren-infekzioarekin-erlazionatutak
GIB birusek infektatutako T linfozitoa Arg. NIAID

Genoma editatzeko CRISPR teknikak berriz ere egin du bere potentzialaren erakustaldia: Nature Genetics aldizkariak argitaratu duenez, teknika horri esker, banan-banan T linfozitoen gene guztien miaketa egin, eta GIB birusaren infekzioari aurre egiteko gakoak izan daitezkeen faktoreak identifikatu dituzte.

Ikerketak T linfozitoen bost gene identifikatu ditu. Horietatik bi ezagunak ziren, baina beste hiru gaurdaino identifikatu gabeak. Geneok gakoak dira haiek desaktibatuta birusak ezin dituelako T zelulak infektatu, baina aldi berean gene horiek ez dutelako baldintzatzen T linfozitoen bideragarritasuna –geneok ixilarazita ere, bizirik diraute–. Hortaz, gene horiek mutatuta dituzten T linfozitoak erabiltzeak GIBaren infekzioari aurre egiteko botika eta terapia eraginkorrak diseinatzeko balio lezake.

Antierretrobiralak konbinatzen dituen terapia erabiltzeak HIESa duten milioika pertsonaren bizia salbatu du, baina oraindik zientziak ez du lortu botikekiko erresistente diren birus-zepak berrien sorrera eta zabalkundea saihestea. Massachusetts-eko Unibertsitateko ikertzaileek T linfozitoen nolabaiteko liburutegia sortu dute oraingoan CRISPR teknika erabilita, eta agerian geratu da halako miaketa genetikoak egiteko teknika oso indartsua dela. Oraingoz, HIESaren aurka borrokatzeko botika berriak edo terapia genikoak sortzeko balio lezake.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia