COVID-19: arrisku txikia hondartza, igerileku eta ibaietan
2020/05/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Oraindik ikerketa gutxi egin badira ere SARS-CoV-2 birusak ur-eremuetan duen transmisioari buruz, ingurune horietan aisialdiko jarduerak egiteak izan dezakeen arriskuaren berri emateko txosten bat plazaratu du Espainiako Ikerketa Kontseilu Nagusiak (CSIC), dauden ebidentzietan oinarrituta.
Hondartzak, igerilekuak eta ur gezako zenbait ingurune (ibaiak, aintzirak, putzuak…) aztertzen ditu txostenak, eta ondorio nagusia da, berez, ingurune horiek ez direla aproposak birusak irauteko eta transmititzeko. Arriskurik handiena jende-pilaketak eragingo lituzke.
Azaldu dutenez, kontuan izan behar da uretan birusa diluitu egiten dela, eta, beraz, birusa uretara iritsiko balitz ere, igerilari edo bainulari batek barneratuko zukeen kontzentrazioa hutsala izango zatekeen. Igerileku, sauna eta halakoetan, gainera, patogenoen aurkako berariazko produktuak erabiltzen dira, eta itsasoan, berriz, gatzak ere ez lioke mesederik egingo. Aldiz, ibaietan eta ur gezako beste eremuetan birusak denbora gehiago iraun dezake suntsitu gabe; horregatik, kontuz ibili beharra dago diluzioaren efektua txikiagoa den tokietan (putzu txikiak), bereziki jende askok erabiltzen baditu.
Eguzki-erradiazioak eta beroak ere kalte egiten diote birusari. Berez, kalte handiena eragiten dion erradiazio-mota (UV C) ez da lurrera iristen, atmosferako ozonoak xurgatzen baitu. Baina aldagai guztiak gehituta, ez dute uste hondartzetako eta ibaiertzeko hareak birusa transmititzeko arriskurik dutenik. Halaber, ohartarazi dute ez dela beharrezkoa leku horiek desinfektatzea, eta, egitekotan, ingurumenari kalterik egiten ez dien substantziak erabili behar direla.
Hori bai: olatuek lehertzean eragiten dituzten aerosolak aproposak izan daitezke birusa garraiatzeko. Hori dela eta, urertzean 2 metro baino handiagoko tartea uztea gomendatu dute. Hala eta guztiz ere, osasun erakunde nagusiek ez dute jakinarazi itsas brisak SARS-CoV-2 transmititzen lagun dezakeenik, eta ez da halakorik ikusi beste birus batzuekin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia