C bitamina ez da hain-hain ona
2007/12/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Seguru asko, Linus Paulingek C bitaminari buruz hain uste ona izan ez balu, ez litzateke hain zabalduta egongo C bitaminak katarroak prebenitzeko duen ospea. Baina Pauling ziur zegoen eragin hori zuela, eta horren inguruan liburu bat ere idatzi zuen. Han azaltzen zuenez, eraginkorra izateko, C bitaminaren dosi oso handiak hartu behar ziren; hala, osasuntsu egoteko egunean 50-90 miligramo hartzeko gomendatzen badute normalean, Paulingek berak 1000 miligramo edo gehiago hartzen zituen, eta hori omen zen gutxi gorabehera dosi egokia helduentzat.
Gomendio baten eta bestearen arteko aldea nabarmena da. Hori bai, ezin da ukatu C bitamina hartzea beharrezkoa dela. Gainerako bitaminak bezala, funtzio garrantzitsuak ditu organismoan, baina gorputzak ez du hura sortzeko gaitasunik; beraz, kanpotik eskuratu behar du. Ez bada behar adina hartzen, pertsona gaixotu egiten da; C bitaminaren kasuan, eskorbutoa azaltzen da.
Lehen ez zekiten zerk sortzen zuen eskorbutoa. Gaixotasun larria zen, eta heriotza asko eragiten zituen, batez ere itsasontzietako eskifaietan. XVIII. mendean, baina, Britainia Handiko itsas armadako mediku batek, James Lind-ek, zitrikoak hartuz gero gaitza saihesten zela frogatu zuen. Hala, artean C bitamina ezagutzen ez bazuten ere, konturatu ziren zitrikoek bazutela gaitz horretatik babesten zuen zerbait.
1937an deskribatu zuen Walter Haworth-ek C bitaminaren egitura. Ondoren, haren funtzioak azaltzen zituen ikerketa ugari egin ziren, eta ospea hartzen joan zen. Osasuntsu egoteko ez ezik, gaitz askori aurre egiteko balio zuela uste zuten, tartean, katarroari. Hori gutxi ez eta, Linus Pauling-ek ere uste hori indartu zuen. Eta hala iritsi da gaur egunera arte C bitaminaren ahalmenari buruzko mitoa.
Azterketa argigarria
Duela gutxi, ordea, Canberrako (Australia) eta Helsinkiko (Finlandia) unibertsitateetako bi ikertzailek mitoa biluztu zuten. C bitaminak hotzerian duen eraginari buruz azken 65 urteetan egindako 55 ikerketa aztertu zituzten elkarlanean, eta C bitaminaren dosi handiak hartzea alferrikakoa dela ondorioztatu zuten.
Datuak arretaz begiratuta, ikusi zuten C bitaminak baduela nolabaiteko eragina hotzeriaren gainean, baina oso mugatua. Nonbait, C bitaminaren gehigarriak hartuz gero, katarroak ezer hartu gabe baino lehenago sendatzen dira, baina ez askoz lehenago: helduetan % 8 eta umeetan % 14 laburtzen da katarroen iraupena, C bitaminari esker.
Horren arabera, ikertzaileek uste dute ez duela merezi C bitaminaren dosi handiak hartzea, C bitaminaren eraginkortasuna txikia baita. Horrez gain, katarroa ez da oso gaixotasun larria izaten gehienetan, eta ohiko zainketarekin erraz gainditzen da.
Dena den, C bitamina kasu batzuetan bereziki onuragarria zela aurkitu zuten azterketa hartan. Izan ere, ikusi zuten inguru oso hotzetan aritzen ziren kirolarietan (eskiatzaileak eta mendizaleak) eta organismoak ahalegin oso handia egin behar zuenetan (maratoilariak), katarroak izateko arriskua erdira gutxitzen zela C bitamina asko hartuz gero.
Beraz, badakizu: kirolari amorratua bazara edo izotza eta elurra maite badituzu, C bitamina ugari hartzea komeni zaizu; baina, bestela, nahikoa duzu janariekin eskuratzen duzun dosiarekin. Izan ere, kontuan izan behar da C bitamina gehiegi hartzeak albo-ondorioak ere badituela; horietako bat, beherakoa eragiten duela.
Deia -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia