}

Bizkarroiak elkarlanean edo lehian, ostalariaren portaera aldatzeko

2015/02/11 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

bizkarroiak-elkarlanean-edo-lehian-ostalariaren-po
Macrocyclops albidus kopepodoa Arg. Dr. Ralf Wagner/CC-BY

Bi zizare bizkarroi ostalari berean bizi direnean eta helburu bera dutenean, indarrak batzen dituzte ostalariaren portaeran eragiteko; helburu desberdinak dituztenean, ordea, zaharrenak irabazten du. Ondorio horretara iritsi dira Max Planck Institutuko ikertzaile batzuk, Evolution aldizkarian argitaratu berri duten lanean.

Hainbat bizkarroik gaitasuna dute, beren interesen alde, ostalariaren portaera aldatzeko. Ophiocordyceps unilateralis onddoa, esaterako, inurrien mugimenduen jabe egiten da: inurria koloniatik urruntzen da, onddoa hazteko kondizio egokiak dituen hosto bat aukeratzen du, hostoaren azpiko aldetik zain bati hozka egiten dio, eta bertan hiltzen da. Schistocephalus solidus zizarearen kasua ez da hain ikusgarria, baina hark ere krustazeo txiki batzuen portaera aldatzen du. Zizareak kopepodo bat infektatzen duenean, haren jarduera murrizten du, hazi bitartean. Gero ordea, nahikoa hazi denean, kontrakoa egiten du: kopepodoa aktiboago egiten du, arrainek errazago ikusi eta jan dezaten. Izan ere, bizkarroi horien bizi-zikloko hurrengo fasean, arrainak dira ostalari.

Max Plankc-eko ikertzaileek Macrocyclops albidus kopepodoak infektatu dituzte S. solidus zizareekin, laborategian. Eta ikusi dute kopepodo batean bi zizare aldi berean iristen badira ostalariz aldatzeko garaira, indarrak batzen dituztela kopepodoaren portaera aldatzeko. Hala, bizkarroi bakarra dutenak baino are aktiboago bihurtzen dira kopepodo horiek. Aitzitik, bizkarroietako bat bestea baino zaharragoa denean, eta, beraz, interes kontrajarriak dituztenean, gazteenak ez du lortzen kopepodoaren portaeran eraginik izatea, eta zaharrenak ostalariaren jarduera handitzen du, gaztea egongo ez balitz bezalaxe. Eta, bi gazteren aurka ari denean ere, berdin gailentzen da zaharrena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia