}

Bateria organikoak diseinatu dituzte, metalik gabekoak

2021/05/05 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

bateria-organikoak-diseinatu-dituzte-metalik-gabek
Bateria organikoak garatzeko lehenengo urratsa eman dute zientzialariek. Arg. Nature aldizkaritik moldatua.

Litio-ioizko baterien garapenak ondorio zuzenak izan ditu teknologiaren merkatuan: nabarmen ugaritu dira gailu eramangarriak eta ibilgailu elektrikoak. Baina bateria horien hazkunde azkarrak agerian utzi du, era berean, litioa, kobaltoa eta bestelako baliabide mineral mugatuak erauzteak ingurumen-arazo larriak sor ditzakeela, eta, hortaz, ez dela etikoa. Bestetik, litio-ioizko baterien ehuneko txiki bat baino ez da birziklatzen. Texas A&M Unibertsitateko hainbat kimikarik bateria etikoagoak garatzeko proposamena luzatu dute: bateria organikoak sortzea, metalik gabekoak. Eta jada sortu dute lehenengo prototipoa.

Bateria berritzaile horietan, metalak erabili beharrean, kate polipeptidikoak erabili dituzte. Kate horietan talde aktibo modura biologenoak eta nitroxido-erradikalak lotu dituzte, anodo eta katodo gisa funtzionatzen dutenak, hurrenez hurren. 37,8 mA h g-1-eko karga-ahalmen maximoa lortu dute bateriok.

Azido glutamikoan oinarritutako kate polipeptidikoak sortu dituzte, kloro- edo alkinilo-taldeak gehituta, erredox-aktibitatea izan dezaten. Ikertzaileek adierazi dute material organiko aktiboak egonkor mantentzea lortu dutela, bateria funtzionatzen ari den bitartean, eta, ondoren, baldintza azidoetan jarrita degradarazi daitezkeela: kate polipeptidikoak berriz ere aminoazido bihurtzen dira, beste degradazio-produktu batzuekin batera. Badirudi, beraz, birziklagarriak izan daitezkeela, eta litio-iozko bateriek baino segurtasun-arazo txikiagoak eragingo lituzketela.

Bateria organikoak garatzeko lehenengo urratsa baino ez da, erronka teknologiko handiak baitituzte etorkizunera begira: besteak beste, material aktiboa ez dadila disolbatu eta bateriaren ahalmena handitzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia