}

Alzheimerra, adimentsu bilakatzearen prezioa

2015/05/27 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

alzheimerra-adimentsu-bilakatzearen-prezioa
Duela 200.000-50.000 urte sei genetan gertatutako aldaketen ondorioz litekeena da neuronen arteko konektibitatea handitu izana. Horrek, gizakia adimentsuago egingo zukeen, baina baita alzheimerra sortu ere. Arg. ktsdesign/Dollar Photo Club

Gizaki modernoa adimentsuago bilakatu izanaren albo-ondorio bat izan liteke alhzeimerra. Ondorio horretara iritsi dira BioRxiv-en argitaratu berri duten ikerketa batean. Lan horren arabera, duela 200.000-50.000 urte hainbat aldaketa gertatu ziren garunaren garapenarekin lotuta dauden sei genetan, eta hautespen naturalaren bidez aurrera egin zuten aldaketa horiek. Ikertzaileen ustez, gizaki modernoa adimentsuago egitearekin lotuta egon liteke hori, baina, aldi berean, baita alzheimerraren sorrerarekin ere. Izan ere, sei gene horiek lotura dute gaixotasun horrekin.

Gizakiek soilik duten gaitza da alzheimerra, gainerako primateek ez dute. Eta azken ikerketek diotenez, gaitza oso lotuta dago hiperkonektibitatearekin eta sinapsietako jarduera handitzearekin. Hain zuzen ere, ikertzaileek uste dute litekeena dela sei gene horietan gertatutako aldaketei esker neuronen arteko konektibitatea handitu izana. Horrek, gizakia adimentsuago egingo zukeen, eta abantaila horren prezioa izan liteke alzheimerra.

Ikerketaren helburua hautespen naturalak gizakiaren genoman utzi dituen arrastoak detektatzea zen. Horretarako metodo berri bat garatu dute, eta gai izan dira orain arteko metodoekin baino denboran askoz atzerago egiteko. 90 gizakiren genoma aztertuta, duela 500.000 urtetik hona hautespen naturalaren eraginez aurrera egin duten aldaketen atlas bat egin dute. Eta aldaketa horien artean nabarmendu dituzte alzheimerrarekin lotuta dauden sei gene horietan gertatutakoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia