}

Alegiako Aralar BHIko ikasle-talde bat eskualdeko airearen kalitatea aztertzen ari da, CSICeko Iker Aranjuelo Mitxelena ikertzailearen laguntzarekin

2023/03/29 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Alegiako Aralar BHI ikastetxeko DBH 4ko ikasleak, CSICeko Nafarroako Agrobiologia Institutuko Iker Aranjuelo Mitxelena ikertzailearekin batera, Tolosaldeko hainbat lekutako airearen kalitatea aztertzen ari dira, landareak erabiliz, biomonitorizarioaren bitartez, “Gluoien Mahaia, gazteak inspiratzeko” proiektuaren barruan.

alegiako-aralar-bhiko-ikasle-talde-bat-eskualdeko

 

Azken hamarkadetan egindako ikerketa ugarik baieztatu dute trafikoak airearen kalitatean duen eragina, eta, hain zuzen ere, horixe ari dira ikertzen Alegiako Aralar institutuko ikasleak. Azterlan hau CSICeko Iker Aranjuelo Mitxelena ikertzailearen proiektu baten parte da. Hala, gazteek ikerketa-proiektu erreal batean lan egin, eta ikertzaileen egunerokoa gertutik ezagutzeko aukera izaten ari dira.

Ikasleak Alegiako, Altzoko eta Amezketako airearen kalitatea aztertzen ari dira, llollobelarra (Lolium multiflorum) erabiliz, biomonitorizazioaren bitartez. Landareek beren inguruko airearen metal astunak pilatu ditzakete, eta zehazki hori aztertuko dute gazteek airearen kalitatea behatzeko. Horretarako, landareak taldeka banatu, eta aipatutako herrietako hainbat kokalekutan egon dira 45 egunez:  errepidetik gertu, errepidetik urrun, ikastetxean… Denbora hori pasatuta, landareen laginak hartu, eta, laborategian, hostoetan pilatu diren metal astunak neurtuko dira.

Ikertzaileak ikastetxean

Martxoaren 23an, ikastetxea laborategi bihurtu zen, eta gazteek, Iker Aranjuelo Mitxelena, Dorra Fakhet eta Garazi Ezpeleta Rodríguez CSICeko ikertzaileen, eta Xabi Herrera irakaslearen laguntzarekin, landareen laginketa eta hainbat neurketa egin zituzten; baina bisita gehiago ere izango dituzte. Metal astunen pilaketaren emaitzak dituztenean, ikertzaileekin eztabaida-saio bat egingo dute, emaitzetatik ondorioak ateratzeko.

 

Proiektu hau Elhuyarrek sustatzen du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia