Albo-ondoriorik gabeko analgesiko opioidea garatu dute
2017/03/03 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Berlineko zientzialari batzuek mina tratatzeko botika eraginkorra eta albo-ondoriorik gabea sintetizatzea lortu dute. Analgesiko berria opioidea da, baina ez ditu eragiten morfinak eta beste opioideek izaten dituzten albo-ondorioak: goragalea, apnea, ultzerak, idorreria, hemorragiak, menpekotasuna eta, dosi handitan, baita heriotza bera ere.
Opioideak hantura dagoen ehunetan mina kentzeko erabili ohi dira —hala nola ebakuntzen ostean edo minbizi-kasuetan-—, baina, berez, gorputz osoan eragiten dute. NFEPP izeneko analgesiko berriak, ordea, hantura-guneetan bakarrik eragiten du, baldintza azidoetan bakarrik lotzen baitzaie zeluletako hartzaileei. Ehunetako ohiko pHa neutroa izanik, hantura dagoen tokietan bakarrik egoten da halako azidotasuna.
Animaliekin egindako entsegu klinikoetan probatu dutenean, ikusi dute handitutako ehunetan ahalmen analgesiko handia duela opioide berriak, baina aldi berean, ehun osasuntsuek ez dutela analgesikoaren aurrean erreakzionatzen. Ondorioz, ez du gorputz osoa loguratzen, ezta menpekotasunik sortzen ere.
Science aldizkariak eman du ikerketaren berri.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia