Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bidali galdera

Zerbitzu hau zientziaren eta teknologiaren arloko hizkuntza-kontsultak egiteko da.

Solstizio

2018/06/28 Elhuyar

Aurreko astean, San Joan bezperako suaz jardutean, gau hori «urteko gau laburrena» dela entzun edo irakurriko zenuten, beharbada. Interneten bilatuz gero, aurkituko dituzue horrelako aipamen bat baino gehiago.

Egia ote? Ez bada! Urteko gau laburrena, edo, egun luzeena, udako solstiziokoa da, eta egun pare bat lehenago gertatu ohi da, ekainaren 20an edo 21ean. Aurten, adibidez, 21ean izan da, goizeko 10:07an (ikus Wikipediako solstizio).

Solstizio hitza latinezko solstitiumetik dator, eta sol + sistere ('geldi egon') da etimoa.

ZTHk definizio hau dakar solstizio sarreran:

«Eguzkiak ekliptikaren inguruan duen itxurazko higiduran, Lurraren ardatza Eguzkiarekiko gertuen edo urrutien dagoen bi guneetako bakoitza, udaren eta neguaren hasierari dagokiona, hurrenez hurren.»

Udako solstizioaren aurretik, Eguzkiaren deklinazioa, hau da, ekuatorearekiko distantzia angeluarra, handituz doa. Eguzkiak Lurretik ikusita egiten duen itxurazko bidea gero eta gorago doa, harik eta, solstizioaren unean, joera alderantzikatzen den arte, alegia, bide hori beheratzen hasten den arte. Deklinazioa maximoa den une horretan (23° 27'), Eguzkia «geldi» dagoela dirudi, eta hortik sol+sistere ideia. Hurrengo solstizioan, negukoan, kontrakoa gertatzen da. Orduan, abenduaren 20an edo 21ean, egun laburrena da, edo gau luzeena.

Zein lotura dago orduan udako solstizioaren eta San Joan egunaren artean? Badirudi suaren ohiturak kristautasunaren aurreko errito paganoetan duela jatorria (Donibane jaia). Zentzuzkoa da uste izatea solstizioaren gauean egingo zela erritoa, eta ez ekainaren 23ko gauean, astronomia-jakintza antzinatik baita behar bezain garatua, 2-3 eguneko hutsegitea ez egiteko solstizioaren kalkuluan. Litekeena da, beraz, Elizak San Joan Bataiatzailearen jaiarekin bat etorraraziz asimilatu izana suaren erritoa.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia