Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bidali galdera

Zerbitzu hau zientziaren eta teknologiaren arloko hizkuntza-kontsultak egiteko da.

Jasangarri ala iraunkor?

2017/11/16 Elhuyar

Aste honetan albiste izan da zientzialariek gizateriari eman dioten bigarren abisua, ingurumenaren babesean kale egin dugula esanez. Sostenibilidad kontzeptua askotan ateratzen da, eta guk normalean jasangarri hitza erabiltzen dugu euskaraz. Zuzena da?

Jatorrizko terminora joz gero, sustainability eta harekin hertsiki lotua dagoen ingurumen arloko sustainable development ditugu. Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikora joz gero, bigarren kontzeptua honela definitu da: “Hurrengo belaunaldien beharrak asetzeko aukerak arriskuan jarri gabe, oraingo belaunaldien beharrak asetzen dituen garapen ekonomiko eta soziala”. Gaztelaniaz, desarrollo sostenible, frantsesez, aldiz, développement durable.

Elhuyarren hiztegien webgunean, iraunkor, iraunkortasun eta jasangarri, jasangarritasun biak aurkituko ditu erabiltzaileak. Era berean, Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoan, garapen iraunkor eta garapen  jasangarri sinonimo dira, baina izenerako jasangarritasun soilik.

Euskaltzaindiak 2004. urtean garapen iraunkor terminoa hobetsi zuen. Aukera horrek eztabaida luzeak ekarri zituen, eta zenbait itzultzaile, idazle eta adituk erabaki hori ez zuten begi onez ikusi. Anbiguotasun-arazoak tarteko, haien aburuz, iraunkor izenondoak sorrarazten duen lehen ideia ez da sustainableren baliokidea edo ordaina, hau da, ez da 'halako baldintzak betez gero iraungo duena edo iraun lezakeena'; aldiz, beste ideia honetatik gertuago dago: 'dagoeneko finkoa dena, edo etorkizunean aldatuko ez dena'.

Ez da Elhuyarren iritzia soilik, Terminologia Batzordeak ere jasangarri/jasangarritasun onartu zituen, Euskal Herriko Unibertsitateko ekologoek hasieratik erabiltzen zutena, hain zuzen ere. Gure ustez, terminoek ongi adierazten dute kontzeptuak berekin daramana, hau da, gizakiak natura 'gehiegi' ustiatzen badu, ingurumenak hori ezin duela 'jasan'.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia