}

Tatsuhiko Yoshimura. Toyota konpainiako eta Kyushu unibertsitateko ingeniaria.

2000/09/09 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Tatsuhiko Yoshimurak hogeita hamairu urte eman ditu Toyota Motors konpainian. Joan den apiriletik, berriz, Kyushuko unibertsitatean dago. Atzo, hitzaldia eman zuen Nafarroako Unibertsitateko CEIT zentroak antolatu duen Hausturaren mekanikanikari buruzko nazioarteko Konferentzian, Donostiako Kursaalen.

«Nire arreta handiena arazoak atzematera dago bideratuta»

Lankidetzarik izan al duzu inoiz CEITeko taldekoekin?

Ez. Hau da lehen aldia elkar ikusten dugula, baina etorkizunean eztabaida zientifikoak izateko talde egokia iruditzen zait. Gainera, Donostira etorri naizen lehen aldia da.

Zer interesatzen zaizu gehien, motorrak ala teknologia garatzea?

Teknologiaren garapena nahiago dut. Baina nire arreta handiena arazoak atzematera dago bideratuta. Hori da nire aztergai nagusia. Aldez aurretik interesgarriago ematen du arazoak konpontzeak. Baina jende asko dago lanean arlo horretako zientzian. Edozeinek egin dezake. Baina atzemateak beste tratamentu bat eskatzen du. Arazo analitiko interesgarria da.

Azaletako fisikaren esparrua jorratzen al duzue?

Bai. Oso esparru garrantzitsua da. Unibertsitatean ikasle nintzela aztertu nuen azaletako fisika. Nahiko ikuspuntu teorikotik aztertzen genuen. Gero, Toyota Motors konpainian sartu nintzenean, gauzak beste modu batean ikertzen genituen. Garai hartan Japoniako industrian oso arlo zabalean egiten zen lan. Proiektu askotan sartu eta banan-banan aurrera ateratzen hasi ginen.

Motorretako hausturaren mekanika aztertzen duzue. Beraz, material mota asko izango dituzue aztergai. Zeintzuk dira material horiek?

Esan daiteke motor baten oinarria altzairua dela. Gure ingeniariek material berria sartzen saiatzen ari dira altzairuaren lekuan. Adibidez, titanio eta magnesiozko piezak frogatzen ari dira. Hala ere, uste dut altzairuak luzaroan iraungo duela automozioaren industrian, fakturazioaren teknologia, adibidez, horretara egokituta dagoelako.

Material polimerikoek ere metalen lekua hartu al dezakete?

Gaur egun, bai. Baina aurreko beste fase batean daude material horiek. Polimeroen gaineko ikerketak oso orokorrak dira. Oraindik ez dakigu zehazki nola aplika daitezkeen gure motorretan. Oso propietate onak izan arren, oso arlo konplexua da, tratamendua erabat ezberdina delako. Orduan, ez dakigu sortzen diren arazoak nola konpondu. Oso zaila zaigu jakitea zeintzuk diren hausturaren jatorriak material mota horietan. Metalak oso ezberdinak dira, eta, beraz, ezin dira modu berean erabili.

Aztertzen al duzue haustura ikuspuntu mikroskopikotik, mekanika kuantikotik abiatuta, alegia?

Bai, noski. Ikuspuntu ezinbestekoa da. Duela hamairu bat urte hausturak tentsioa sortzen zuela argi zegoen. Baina jatorria beste nonbait bilatu behar zen. Pixkanaka arazoa arlo txikiagoetara bideratu da. Gero eta jatorri txikiagoak eta txikiagoak bilatu ziren maila kuantikora iritsi arte. Orain ulertzen da haustura sortzeko arrazoiak oso txikiak eta konplexuak direla. Dena den, ikuspuntu orokorrago batetik ere ikusten ari gara arazo hori. Hausturaren jatorria maila makroskopikoan bilatzen jarraitzen dugu.

Erabiltzen al dituzue materialaren egiturarako simulazio teorikoak?

Elementu txikien jokaerari buruzko esperimentuak egiten ditugu lehenik. Simulazioak horien ondoren hasten dira.

Autoei buruz soilik ari gara? Beste hainbat produktu egiten dituzue, ezta?

Esparru zabalagoa da. Nissan konpainiak, esate baterako, espaziorako teknologia garatzen du. Nireak, Toyotak, hegazkinen teknologia egiten du. Hegazkinen barruko komunikazio sistemak ere lantzen ditugu.

Esaten da Japoniako auto industriak indar handia duela Estatu Batuetan, eta Europan ere pixkanaka sartzen doala. Zuk nola ikusten duzu egoera?

Kontua da Japoniako automozio industriaren ezaugarria kalitatea dela. Europarraren ezaugarria «gidagarritasuna» da eta amerikarrena, berriz, erosotasuna. Azkenean ez da ingeniaria autoa diseinatzen duena, eroslea baizik. Erosleak esaten du ea kalitatea, gidagarritasuna edo erosotasuna nahiago duen. Horregatik oso garrantzitsua da eroslearen ikuspuntua, nahi duen produktu mota egitera behartzen gaituelako.

Komunikazio handia al dago unibertsitatearen eta industriaren artean Japonian?

Bada, ez. Hori, batez ere, automozioaren esparruan da egia. Nire asmoetako bat industriarekiko komunikazioa hobetzea eta indartzea da. Japoniako automozioaren industriako elkartean egon nintzen. Orduan saiatu nintzen lotura horiek sustatzen. Helburua unibertsitate eta konpainia bakoitzaren programa elkarrekin eztabaidatzea da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia