Asteko argazkia: ammolita

Hiroaki Imai


Ammolita harribitxiak amonite-maskor fosilduak dira. Haren kolore biziek harridura sortzen dute eta ez dute bizitasunik galtzen, nakar-geruza baten barruan daudelako. Geruza hori aragonito-mineralaren xafla estratifikatuek eta materia organiko pixka batek osatzen dute, eta argiak geruzarekin duen interakzioan sortzen dira ammolitaren koloreak.

Kolore zurbilak dituzten ammolitak ere badira, ordea. Eta, orain, ikerketa batek argitu du ammolitaren kolorearen intentsitatea zeren araberakoa den: aragonitozko geruzen egitura da gakoa. Aragonitozko plaken lodieraren eta plaken arteko espazioaren araberakoa da kolorea, hain zuzen.

Aragonitozko geruzek lodiera uniformea dutenean eta geruzen artean lau nanometroko zabalera dagoenean azaltzen dira kolorerik bizienak, argia geruzen arteko espazio horietan islatzen denean. Ordea, aragonitozko plaken artean espazioa handiagoa dagoenean edo espaziorik ez dagoenean, kolore zurbilak azaltzen dira. Baita espazio horietan materia organikorik ez dagoenean ere.

Scientific Reports aldizkari zientifikoan argitaratu dituzte emaitzak.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali