2012a Zahartzaro Aktiboaren Urtea denez Europan, zahartzaro ekintzaile eta osasuntsua bultzatu nahian, jarduera ugari antolatu dituzte. Datozen minutuetan, ekimen horiekin harreman zuzena duen programa bat ezagutuko dugu. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, zahartzaroan ariketa fisikoa bultzatzeko proiektu bat jarri dute martxan. Iruñeko zahar-etxe batean, zaharrek zer behar edo ahulezia dituzten jakiteko neurketak egin ondoren, gimnasia egiten jarri dituzte. Emaitzak harrigarriak dira.
97 urte ditu Jesusek, eta egunero entrenatzen du Iruñeko Miserikordia Etxeko gimnasioan.
MIKEL IZQUIERDO; Fisioterapian katedraduna (NUP): Ez dutela sinesten, Jesus!; erakutsiko diegu?
Mikel Izquierdo ikertzaileak zuzentzen duen programa berritzaile batean ari da parte hartzen. Asmoa da adineko jendearengan ariketa fisiko planifikatuak duen eragina neurtzea.16 aste dira entrenamendua hasi zuela, eta Jesusek hanka zein besoetan galdua zuen indarraren % 30 berreskuratu du ia.
MIKEL IZQUIERDO; Fisioterapian katedraduna (NUP): Muskulu asko irabazi du, eta potentzia % 100 handitu du.
Emaitza horiek aurrez jakina den zerbait baieztatzen dute, jarduera fisikoak on egiten diola osasunari, baina baieztapena ez da gehiegi frogatu adinekoetan. Ikerketa hutsune hori betetzera dator.
MIKEL IZQUIERDO; Fisioterapian katedraduna (NUP): Batez ere bi arrazoi daude 50 urtetik aurrera ariketa fisikoa egiteko: batetik, tresna ezin hobea delako bihotzeko gaixotasunei aurre egiteko edo sedentarismoak eragindako gaitzak saihesteko, eta, bestetik, gainbehera funtzionalari aurre egiteko bidea delako.
Adibidez, ariketa-saioak hasi zituztenetik, jendea gutxiago erortzen da zentro honetan.
Bakoitzari zer ariketa komeni zaion jakiteko, proba edo neurketak egiten zaizkie ikerketan parte hartzen ari diren aitona-amonei. Egoera fisikoaren diagnosia da. Ezaugarri kliniko ezberdinak dituzten pertsonak dira, eta emaitzen araberako entrenamendu-plana ezarriko zaie ondoren.
Tuterako campusean gaude. Fisioterapia Fakultateko laborategietan bestelako neurketa eta probak egiten dituzte. Ariketa honetan, muskuluaren nerbio-kinaden eroapena ari dira neurtzen egoera ezberdinetan. Saiakuntza hauen xedea zera jakitea da, ariketa fisikoa zenbat eta nola erabili behar den kasu bakoitzean: zein duen entrenamendurik egokiena diabetesa duen agure batek, adibidez, edo bihotzeko arazoak dituen beste batek, edo zer egin galdutako funtzionaltasuna berreskuratzeko.
MIKEL IZQUIERDO; Fisioterapian katedraduna (NUP): Elementu horiekin guztiekin pertsona osasuntsuen talde batek entrenamendua egiten du muskuluak indartzeko, eta zortzi asteren buruan errepikatu egiten da protokoloa. Lan honekin jakin nahi dugu zein den ariketarik onena gaixo dagoen jendea azkarrago osatzeko edo lesio bat gainditzeko. Eta hor, berriz, oxigeno-kontsumoa neurtzen da, ariketa egiten duenaren osasun-maila ezagutzeko.
ROBERTO AGUADO; Fisiologiako irakaslea (NUP): Gaitasun aerobikoa, hau da, oxigenoa muskuluetara garraiatzeko ahalmena, eta ariketa fisikoa lotuta doaz. Hori neurtzen da hemen; proba honek objetiboki esaten digu lan fisikoa energia aerobikoaren zer mailatatik gora egin daitekeen.
ALAZNE ANTON; Fisiologiako irakaslea (NUP): Oxigeno-kontsumo maximoa neurtzen dugu, heriotza-adierazle bat delako. Oxigeno gehiago, arrisku gutxiago. Ahalmen hori urritua dutenekin lan egiten dugu ikerketan, zaharrekin, pertsona hauskorrekin… denok behar dugu oxigenoa eguneroko zereginetarako: janzteko, ohetik jaikitzeko, erosketak egiteko… Gure helburua da jarduera fisikoaren bitartez pertsona horien ahalmen funtzionala hobetzea eta, bide batez, hiltzeko arriskua murriztea.
Diagnosia egiteko erabiltzen den teknologia bitxia da. Bideo-jokoek edo mugikorrek darabiltzaten azelerometroen modukoek zehazten dute pertsona bat osasuntsu dagoen ala ez. Sentsoreak azelerazioa, abiadura, kokapena eta norabidea jasotzen ditu, hau da, nola mugitzen den, nola ibiltzen den pazientea. Grafikoetatik eredu batzuk lortzen dira, eta horiek adierazten dute aitona edo amona nola dagoen fisikoki.
ALICIA MARTÍNEZ; Matematika Saila (NUP): Azken finean, zenbaki bat da, lagun batek erortzeko zer arrisku duen adierazten digun zenbaki bat, edo hauskorra den ala ez esaten diguna. Mugimendu-kurben analisiak ematen digu zenbaki hori.
Hauskortasuna geriatriako kontzeptu bat da. Kontzeptu horrek biltzen ditu erortzeko arriskua, nor bere kabuz baliatzeko gaitasuna edo heriotza-probabilitatea. Hauskortasun-maila jakiteko modu erraza eta merkea da azelerometroen teknologia. Diagnosiak tratamendua dakar atzetik: ariketa fisikoen plangintza.
MIKEL IZQUIERDO; Fisioterapian katedraduna (NUP): Guk erabakitzen dugu ariketa fisikoen programa. Helburua izaten da muskuluak indartzea eta ahalmen funtzionala hobetzea, eta, azkenean, hauskorrak izateari uztea. Nola zehazten da plana? Sendagaiak errezetatzen diren moduan, banan-banan eta adituek aginduta.
ALVARO CASAS; geriatra: Emaitzak jasotzen hasiak gara. Orain ikusi dugun pazientea bezalako kasuetan, ezin zutituta ibiltzetik eserlekutik 10-12 aldiz altxatzera pasa daiteke ariketak eginez. Esku-hartze eraginkorra da, geriatrian izan daitekeen eraginkorrena, eta merkea da gainera. Kontua da ez dugula ariketa fisikoa agintzeko kulturarik.
Adinekoen bizi-kalitatea hobetzen duela begi-bistakoa da, baina ikerkuntza-saiakuntza honek esanahi zabala du. Gizartea gero eta zaharragoa da. Azken mendean, zazpi aldiz igo da 65 urtez gorakoen kopurua, eta 80 urte baino gehiago dituztenena, berriz, 13 aldiz. Nafarroako Unibertsitatearen proiektu honek eragin zuzena du zahartze-prozesu horrek dakartzan osasun-gastuak eta gastu sozialak gutxitzeko.
MIKEL IZQUIERDO; Fisioterapian katedraduna (NUP): Agian ez gara urte gehiago biziko ariketa fisikoa egiteagatik edo horrelako programa batean parte hartzeagatik, bizi-itxaropena ez delako asko luzatu azken urteotan; baina hobeto biziko gara, bizi-kalitate hobearekin. Zer da hori? Adibidez, ilobekin paseatzea, independenteak izatea eta azken unera arte gure kabuz jardutea.
Eta adituen azken aholkua. Ez itxaron zahartu arte jarduera fisikoa egiten hasteko. Zenbat eta lehenago hasi, orduan eta arinagoa izango da urteen zama.