Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bidali galdera

Zerbitzu hau zientziaren eta teknologiaren arloko hizkuntza-kontsultak egiteko da.

Wolfram ala tungsteno

2017/11/06 Elhuyar

Aurrekoan lagun batek galdetu zidan ea zergatik erabiltzen dugun euskaldunok  wolfram hitza mundu guztian tungsteno erabiltzen bada. "Mundu guztiak tungsteno?" erantzun nion. "Wolfram hitza euskaldunok bakarrik erabiltzen dugula?" Nola liteke? Hain bereziak ote gara?

Ez da egia, noski. Elementu honek bi izen ditu ia hizkuntza guztietan, baina, hizkuntzaren arabera, bata edo bestea da erabiliagoa, eta, ondorioz, estandar bakoitzerako lehenetsia.
 
Esaterako, ingelesez eta frantsesez tungsten eta tungstène erabiltzen dira, hurrenez hurren, baina hizkuntza eskandinaviarretan, eslaviarretan eta alemanez, wolfram edo antzeko izendapenak dira nagusi.
 
Kimikako nomenklatura estandarizatua finkatzen duen erakundea IUPAC da, eta, kontrakoa zabaldu bada ere, ez du izen bat edo beste bat agintzen. Esan duena zera izan da: nomenklatura estandarizatuetan ez dela sinonimorik erabili behar: hots, izen bat eta bakarra erabili behar dela. IUPACen hizkuntza ofiziala ingelesa da, eta tungsten darabilte. Frantsesez, tungstène hobetsi dute.
 
Gaztelaniarako, Real Sociedad Española de Química (RSEQ) erakundeak wolframio (eta volframio aldaera) lehenestea erabaki du, eta arrazoi hau eman du: "La RSEQ reivindica esa denominación por estar basada en el nombre que le dieron quienes primero aislaron este elemento, los hermanos Delhuyar, químicos riojanos." Euskaraz, 70eko hamarkadan kimika lantzen hasi ginenean, wolframio erabili genuen, Elhuyar anaiek Bergarako Euskalerriaren Adiskideen Elkartean isolatu baitzuten elementua, eta izen hori eman baitzioten. Orain wolfram grafia darabilgu, hori delako Euskaltzaindiaren Hiztegian argitaratu den aldaera. 
 
Euskaltzaindiak tungsteno hitza ere eman du, wolframen sinonimotzat, baina IUPACek ingeleserako dioena ez da euskaraz tungsteno lehenesteko  arrazoi nahikoa. Gainera, sinbolo kimikoa W da, askoz errazagoa ikasteko elementuari  wolfram esaten badiogu!

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia