Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bidali galdera

Zerbitzu hau zientziaren eta teknologiaren arloko hizkuntza-kontsultak egiteko da.

Sexu VS genero

2018/02/08 Elhuyar

Nola ezberdindu sexu eta genero hitzak? Zertan datza bien arteko aldea? Noiz erabiltzekoak dira bata eta bestea?

Tarteka bi hitzak sinonimo gisa erabiltzen badira ere, bi kontzeptu desberdin dira.

Euskal Herriko Unibertsitateak (2012) argitaratutako Sexologia Hiztegian honelaxe definitu dira:

sexu: iz. Pertsonak ar edo eme gisa garatuko dituen ezaugarri psikofisiko eta organoen multzoa. Gizakiengan, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasun biologikoek (anatomiko eta fisiologikoek) espeziea birsortzea ahalbidetzen dute. Gizakiak bere burua sexudun gisa eraikitzeko sexuazio-prozesuaren emaitza da.

genero: iz. Ikuspuntu psikologiko eta soziokulturaletik, gizon eta emakumeen artean dagoen ezberdintasuna.

Amaia Alvarez Uria irakasleak Jakin aldizkarian (2004) idatzi zuen: «Sexua biologiko-anatomikoa da (naturala, horrekin jaiotzen gara oro har), eta generoa soziokulturala da (sortutakoa da, ez da berezkoa, historikoa da eta, beraz, alda daiteke)». Beste hitz batzuekin esanda, generoaren alderdiak aldatu egiten dira leku batetik bestera, talde etniko batetik bestera eta baita denboran zehar ere. Generoaren ezaugarriak soziokulturalak dira, historian zehar aldatzen direnak eta gizarte jakin batek maskulinoa edo femeninoa denari esleitzen dizkion ezaugarri psikologiko eta kulturalez osatua dago. Sexua, berriz, pertsonaren ezaugarri fisikoei dagokie eta berezkoa da.

Tradizionalki banaketa hori oso ezaguna bazaigu ere, gaur egungo hainbat mugimenduk kritikatu izan dute pertsonak gorputzeko ezaugarri anatomiko eta fisiologikoen araberako sailkapen bitar batera mugatzea. Izan ere, badira zenbait gorputz bitariko ezaugarriak ager ditzaketenak eta sailkapen horrek kontuan hartzen ez dituenak.

Hizkuntzalaritzan, genero gramatikalaz hitz egiten da, izenak zenbait klasetan sailkatzen dituen kategoria gramatikalaz, alegia.

Orain arte esandakoa osatze aldera, Fundéu BBVA - Fundación del español urgente fundazioak ere ukitu du gaia. Honelaxe dio: «El término género puede emplearse en relación con las convenciones y funciones socioculturales que se asocian a ciertas características sexuales».

Eta jarraitzen du: «Por otra parte, sexo alude en general a la condición de los seres vivos por la que se distingue el macho de la hembra. A la vista de la definición dada, el uso de génerocomo mero sinónimo de sexo es impropio como en La hemofilia es una enfermedad congénita, casi exclusiva del género masculino». Kasu horretan, sexo masculinoaz hitz egin behar litzateke, eta ez género masculinoaz.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia