Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bidali galdera

Zerbitzu hau zientziaren eta teknologiaren arloko hizkuntza-kontsultak egiteko da.

Quasar

2017/12/14 Elhuyar

Quasarrak 1950eko eta 1960ko hamarkadetan aurkitu zituzten astronomoek, zeruko irrati-uhinen lehen kartografia egin zutenean. Orduan aztertu zituzten irrati-iturrien artean, baziren izarren antzeko argi-puntu modukoak baino ez zirenak, eta horregatik esan zieten "quasi-stellar radio sources". Hortik sortu zen quasar izendapen laburtua.

Euskaraz, garai batean kuasare erabiltzen bazen ere, jatorrizko quasar grafia da gaur hobetsia, eta hori aurkituko duzu hainbat erreferentziatan (Euskaltermen, Elhuyarren ZTH-Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoan, eta, azkenik, Euskaltzaindiaren Astronomiako Oinarrizko Lexikoan ere).

Iturri haiek gorriranzko lerratze handi-handia zuten, eta horrek esan nahi zuen oso-oso  urruti zeudela. Zergatik? Bada, nola tren bat gugandik urruntzen denean haren soinuaren altuera (hau da, soinu-uhinaren maiztasuna) beheratuz baitoa, hala argi ikusgaiko iturri batek, gugandik urrundu ahala, gorrirantz jotzen du, gorria baita maiztasun behereneko argi ikusgaia. Doppler efektua da hori, eta gorriranzko lerratze hori galaxien fenomeno orokorra dela aurkitzea izan zen unibertsoa hedatzen ari dela esateko ebidentzia nagusia. Edwin Hubbleren aurkikuntza famatua da hori, gerora Big Bang teoriari bidea irekiko ziona. Baina hori beste historia bat da.

Eta zer da orduan quasar bat?

Gaur egun uste da quasarren energia elektromagnetikoa zulo beltz supermasibo baten inguruan biraka dabilen materiak sortzen duela, delako materia zulo beltzerantz erortzean.  Prozesu horretan, energia handia igortzen da, halako moldez non hainbat galaxiak adinako argi-intentsitatea izan baitezakete quasarrek. Eta "hainbat" diogunean, "ehunka " edo "milaka" izan daitezkeela kontuan hartu.

Esan dugu quasarrak oso objektu urrunak direla. Beraz, oso zaharrak ere badira, zeren ez baitakigu unibertsoa orain nolakoa den, iristen zaigun erradiazio elektromagnetikoa igorri zen garaian nolakoa zen baizik. Hala bada, pentsa daiteke quasarrak unibertsoaren eboluzioaren aldi batean sortu zirela bereziki, eta hipotesia da aldi hori galaxia guztien eboluzio-fase bat besterik ez dela.

Ezagutzen den quasar urrunenak, ULAS J1342+0928 izenekoak, Eguzkiak baino 800 milioi aldiz masa handiagoa du, eta haren argitasuna 4 · 1014 aldiz da Eguzkiarena baino handiagoa. Lurretik 13,1 mila milioi argi-urtera dago, eta horrek esan nahi du unibertsoa oso "gaztea" zenean sortu zela; zehazki, 690 milioi urte zituenerako. Unibertsoaren bizitzaren % 5 da hori. Pentsa zein zaharra den.

Gehiago jakin nahi? Itziar Aretxaga astrofisikariaren artikulu ederra duzu Elhuyarren ZTHko quasar sarreran.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia